Hiri hondakinen bilketa modua aldatzeko beste urrats bat eman dute Arrasaten

Jon Berezibar 2014ko mai. 14a, 17:13

Arrasateko hiri hondakinen bilketa sistemaren eraldaketa aurrera doa. Bihar hasiko da Mankomunitatea komertzioetako kartoiak jasotzen eta informatzaileak ere gertu daude BAZen herritarren zalantzak entzun, argibideak eman eta iradokizunak batzeko. Azaroan sistema osoa indarrean sartuko da.

Azaroan sistema berria bete-betean indarrean denerako, urrats asko emanda egongo dira eta horien berri emateko agerraldia egin zuten alkateak eta Arrasateko Hondakinen Mahaiak, xehetasunak azalduz. Edukiontzien guneetan lau ataletan utzi beharko da zaborra bereizita eta, hala, herritarrei dei egin diete "edukiontzi guneak ondo erabiltzera".

Edukiontzi gune berriak

Edukiontzien guneak gertu uzten jardun du Udalak oraingo astean. Herrian zehar banatuta dauden edukiontzi berde solteak kendu eta gune zehatzetan iglu berdea (beira), urdina (kartoia eta papera) eta horia (ontziak) ezarri dituzte, edukiontzi berdearekin batera (organikoa eta errefuxa). Alde zaharrean ez da gunerik egokituko inguruaren ezaugarri bereziak tarteko.

Aldaketei aurrea hartuta, informazio ekimen zabala abiarazi du Udalak etxeetara bidalitako gutunen bidez eta baita ere BAZen beren beregi hondakin bilketa berriari buruzko zalantzak artatzeko bulego batekin, goiz zein arratsaldez irekita. Irailetik aurrera informatzaileek auzo-alkatetzen egoitzetan ere jardungo dute.

Azaroan, grisa eta marroia

Lehen aldaketak dagoeneko indarrean, azaroan egongo da sistema osoa martxan. Lehenago, urrian, Hondakin hilabetea izendatu dutena etorriko da, kontzientziazioa helburu duen egitarau zabalarekin. Urrian bertan edukiontzi berdea kendu eta haren ordez bi berri ipiniko dituzte; marroia hondakin organikoarentzat eta grisa, birziklatu ezin diren gaientzat; errefusarentzat, alegia. Edukiontzi horiek "sarrera kontrola" delakoa izango dute eta azaroan jada sistema berriaren arabera utzi beharko dute zaborra herritarrek.

Neurri hauekin, Mahaiak berresten du, Arrasaten hondakinen murrizketa eta berrerabilpena sustatu gura da, adostutako %70eko bilketa selektiboaren mailara iristeko.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak