AED egoitzaren atarian prentsa agerraldia egin dute euren asmoen berri emateko. Gazte taldeko Iker Agirrek bete beharreko hutsune hori nabarmendu du: "Lehen Hezkuntzan ludotekak daude, DBHn gazte txokoak eta batxilergo mailarako Ttak! taldea. Baina 18 urtetik gorako gazteendako hutsune bat zegoela ikusten genuen euskara elkarteetatik; hutsune hori betetzera goaz". Iaz gaztetxean egindako topaketa baten "gogoa eta indarra" ikusi zuten eta hortik sortu zen gaur aurkeztu duten taldea. Sortu berria da, hala ere: "Ez dugu izenik eta ezta logorik ere. Baina helburu argi dugu: euskara Arrasateko ahalik eta gazte ezberdinengana heltzea gura dugu, euskaraz goza dezatela", dio Agirrek.
Maiatzaren 24rako jaialdia
Maiatzaren 24rako deialdi berezia egin dute Arrasateko gaztetxean, Ezberdinak baina berdin moduan bataiatu dutena: "Lelo hori aukeratu dugu gure taldearen fisionomiagatik. Askotariko perfileko jendea dago taldean eta beraz, horren estereotipatua dagoen euskararen erabilera horren ideia horri buelta ematea gura dugu. Hau da, askotan perfil zehatz batekin lotzen dugu euskararen erabilera, baina ez da horrela", adierazi du taldeko kide Markel Lopez de Bergarak.
Askotariko perfil hori bera islatu gura izan dute prentsa agerraldirako argazkian: "Skaterrak, eskalatzaileak, motor-zaleak, denetarik dugu taldean".