Larreategik norgehiagoka hasi aurretik, argi eta garbi utzi nahi izan die jokalariei partidua lehenengo minutuetan apurtu ezean, bukaerara arte sufrituko zutela, eta hala izan da. Izan ere, La Peña talde anarkikoa da, ez dituzte sistema askorik erabiltzen eta jokalariek banan-banako asko jokatzen dituzte.
Lehenengo minutuak ahaztekoak izan dira; markagailua 0-0ean mantendu da bost minutuz eta jokoa oso eroa izan da, kontrolik gabekoa. Etxekoak hiruko marratik saiatu dira, baina barruan ez dute beste batzuetan erakutsitako konfiantza agertu eta atsedenaldira markagailuan aurretik joan arren(30-24), sentsazioak ez dira batere onak izan.
Hirugarren laurdena Mikel Arejolaleibaren hiruko batekin hasi dute, eta hasieran taldeak bere jokoa egin behar zuela iruditu arren, ez da horrela izan. Zonakako defentsa erabili dute partidu osoan zehar La Peñakoek, eta etxekoek erasoan ez dute asmatu eta defentsan oso ahul ibili ostean 11-25eko partziala jaso dute hirugarren laurdenean. Azken hamar minutuak biziak izan dira; hamar puntuz galtzen joan ostean, laurdenaren hasieran Barrena eta Lorenzoren puntuek bizia eman die taldeari. Ostean atzean estutu dute eta Kintanaren puntuek eta Mikel Arejolaleibaren hirukoek, markagailua berdindu dute. Hala ere, La Peñakoek erraz saskiratzen jarraitu dute eta azkenengo minutuetan erabaki da norgehiagoka. Garrantzitsuena baina, txarto jokatu arren, garaipena etxean geratu dela da.