Eraikineko uralita kentzea izango da lehenengo egin beharrekoa; izan ere, uralitak amiantoa dauka eta berau toxikoa den heinean, tratamendu berezi bat jaso behar du. Gaur estalkietan geratzen zen uralita kentzen ibili dira, eta Goñiren arabera, gutxi gora behera aste bete beharko dute Polmetasa zaharreko eraikineko uralitazko xafla guztiak kentzeko. Ostean hasiko ditu eraiste lanak Excavaciones Besaide enpresak. Datorren astelehenean izango da seguruenik, eta Jose Luis Etxeberria Porruren arabera, eraiste lanekin hasi aurretik, zaborrez betetako beste lau bat kamoi aterako dituzte baita ere.
Auzotarren kexak
Polmetasa pasa den mendeko 50ko hamarkadan sortu zen; eta San Andres auzoaren loratzean garrantzitsua izan zen. Hala ere, azken urteotan hainbat arazo egon dira eraikinaren bueltan. Izan ere, fabrika zaharreko eraikina gazte koadrila batek lokal gisa erabiltzen zuen eta pabiloiaren orubean, galdara zaharrak zeuden lekuan, kanpotar asko bizi ziren. Besteak beste, istilu eta suteen gaineko kexak zituzten herritarrek. Polmetasa lantegiak 2008an utzi zion bere aktibitatea San Andres auzoan gauzatzeari eta San Andres Berri S.L. etxegintza enpresari saldu zion lursail; hala ere, San Andres Berrik hondoa jo zuen. Honenbestez, Polmetasa zaharraren eremuaren jabegoa norena izango den epaitegietan erabakiko da, San Andres Berri enpresaren likidazioa amaitutakoan. Hori ikusita eta eraikinaren egoera txarra ikusita, Udalak aurri izendapena eman zion eremuari urtarrilaren 27ko gobernu batzordean eta urgentziako neurriak hartzea erabaki zuten; berau botatzea.
Aurreikusi baino gehiago iraungo dituzte lanek
Hasieran astebetean lanak egitea aurreikusten bazen ere, bi aste inguru beharko dituzte Polmetasa zaharreko eraikinak botatzeko. Obrek 18,000 euroko gastua suposatuko dutela aurreikusi du Udalak.