Arrasateko dendetan paper eta plastikozko poltsen erabilera murriztea eta arrasatearren artean kontsumo arduratsuaren aldeko jokaera zabaltzea. Horiek dira 'Ontziratu zaitez, erosketak ganoraz! Erabilizu tuperra!' kanpainaren helburu nagusiak.
Hondakinen Mahaiak sustatu, Udalak eta Kutxa Ekoguneak babestu
Hondakinen Mahaiak sustatutako ekimena da eta horregatik mahaiko hiru ordezkari egon dira gaurko aurkezpenean: Bilduko Ingurumen zinegotzi Josu Pereda, Arrasate Garbiko Mertxe Trojaola eta Arrasate Zero Zabor taldeko Itsaso Beitia. Horiez gain, Iñaki Izagirre arrain-saltzailea eta Kutxa Ekoguneko Kontsumo Jasangarria Saileko arduradun Amaia Otazo.
Kanpaina aurrera ateratzeko dendariekin egon ziren lehendabizi. 14 komertziok egin dute bat, sei arrandegik eta zortzi harategik: Kresala –bi arrandegiak–, Eguren –biak–, Danarrain eta Itsaski arrandegiek eta Saburdi, Salegi, Otamendi, Landaluze, Gorka, Agirre-Etxe, Kortaberri eta Txomin harategiek. "Eskertzekoa da agertu duten jarrera eta borondate ona”, adierazi dute Udaletik zein Kutxa Ekoguneatik.
Egubakoitzean eta zapatuan Seber Altube plazan
Bigarren pausoa izan da herritarrei erosketak tuperrekin egitera gonbidatzea. Horretarako norberak bere tuperrak erabil ditzake edo kanpainarako sortutako ontziak eskura ditzake euro erdiren truke. Ontzi horiek erosi eta kanpainaren gaineko argibideak jasotzeko Hondakinen Mahaiko ordezkariak egongo dira Seber Altube plazan: martxoaren 28an 10:00etatik 12:00etara eta martxoaren 29an, 11:00etatik 13:30era. Ontziak ondoren ere eskuratu ahalko dira, kanpainan parte hartzen duten arrandegi eta harategietan.
Sariak kanpainak irauten duen bitartean
Kanpainak dirauen sei hilabeteetan zehar, herriko dendetan erosketak egiteko ontzi berrerabilgarria erabiltzen dutenek zozketa berezietarako txartelak lortuko dituzte. Hilean behin, 30 euroko balioa duten produktuen zozketa egingo da denda bakoitzean.