Arrasateko dendetan paper eta plastikozko poltsen erabilera murriztea eta herritarren artean kontsumo arduratsuaren aldeko jokaera zabaltzea. Horiexek dira Kutxa Ekoguneak, Arrasateko Udalaren eta Hondakinen Mahaiaren laguntzarekin, joan zen astean martxan jarri eta sei hilabetez iraungo duen kanpainaren helburuak. Martxoaren 28tik apirilaren 10era, 2.500 ontzi berrerabilgarri baino gehiago banatu dituzte, bakoitza 0,50 eurotan.
Tuperren prezioa eta kostua
Prezio eta kostuari dagokionez, Arrasaten gauzatu den kanpainaren gastuak Kutxa Ekoguneak eta Udalak euren gain hartu dituzte batik bat. Guztira, kanpainak 12.170 euroko kostua izan du. Horietatik %48 Kutxa Ekoguneak ordaindu ditu; Udalak, %22; arrandegi parte-hartzaileek, %18; eta herritarrek, gainontzeko %12, ontzien erosketen bidez.
Beraz, kanpainaren bultzatzaileek argitu dute herritarrek tuperrengatik ordaindu dituzten 0,5 euroak ez direla Udalak kanpainarako egiten duen ekarpena betetzeko. Izan ere, "ontziak kanpainaren zati bat besterik ez dira, sustapen kanpaina, hilero banatuko diren 30 euroko erosketa-sari eta abar luze batekin batera".
Eta Udalak tuperrei prezio bat jarri izanaren harira adierazi dute hala egin dutela "doakoa" izatea ez dadin izan tuperra hartzeko arrazoi bakarra. Baina, aldi berean, gehitu dute prezio "merkean" jarri dituela Udalak, arrasatearrak erosketak tuperrarekin egiten hastera animatzeko.
Tuperraren abantailak
"Herritarrei gogorarazi gura diegu kanpaina honekin lortu gura dugula herriko dendetan paper eta plastikozko poltsa gutxiago erabiltzea. Halaber, eskatu gurako genieke gogoeta bat egin dezaten erosketak egitera joan baino lehen: pentsatu dezatela erosi behar dituzten produktuak etxera eramateko zenbat tuper eta zer tamainakoak behar dituzten", azaldu dute sustatzaileek.
Tuperra erabiltzeak bi abantaila dakartza, euren hitzetan: "Erosketak egitea erosoagoa da eta, etxera heltzerakoan, tuperra hozkailuan sartu daiteke, modu garbi batean, gainera".
Kanpainak dirauen sei hilabeteetan zehar tuperrarekin proba egiteko aukera izango da, beraz, Arrasaten. Gainera, herriko dendetan erosketak egiteko tuperra erabiltzen dutenek zozketa berezietarako txartelak lortuko dituzte. Hilean behin, 30 euroko balioa duten produktuen zozketa egingo dute denda bakoitzean.