Arrasate Udala, Kutxa Ekogunea, Hondakinen Mahaia eta herriko komertzioak izan dira kanpainaren sustatzaileak. Helburua argia da: arrandegi, urdaitegi eta harategietan erosketak egiterakoan sortzen diren hondakinak murriztea. Hala, beste hainbat herritan martxan dagoen ekimena Arrasatera ere helduko da.
Sariak ontziak erabiltzearren
Kanpainaren eragileak proposatzen dute tuper edo ontziak herritarren artean saltzea, 0,5 eurotan. 3.000 ale banatuko dira. Banaketa oraindik zehaztu ez den bi egunetan egingo da, kanpainari lehen bultzada bat emateko. Ontziak dendetan jarriko dira salgai, aleak amaitu arte.
Kontsumitzerako orduan ohitura aldaketa bat eragitea du helburu ekimenak. Horregatik, erosketak dendetan erositako ontziekin egiteaz aparte, herritarrek etxetik eraman ditzakete. Gero, tuperrarekin egindako erosketa bakoitzeko txartel bat emango zaio bezeroari. Sariak banatzea kanpaina martxan jarri eta sei hilabetez mantentzea aurreikusten du Udalak. Gero, komertzio bakoitzak erabakiko du kanpainarekin jarraitzen duen edo ez.
Ingurumen Batzordearen proposamena asteon onartu du Tokiko Gobernu batzarrak; kanpaina osoaren aurrekontua izango da 4.507 eurokoa.