Kaleko erosketak etxeko tuperrarekin Arrasaten ere, zaborra murrizteko

Jokin Bereziartua Lizarazu 2014ko mar. 13a, 19:00
Otamendi izango da kanpainan parte hartuko duen harategietako bat.
Dendetan ematen dituzten plastikozko poltsatxoak edo paper-plastiko bilgarriak erabili beharrean, kaleko erosketak etxeko tuper edo ontziarekin egitea. Hori da 'Ontziratu zaitez, erosketak ganoraz! Erabilizu tuperra!' lelo duen sentsibilizazio kanpaina berriaren oinarria. Arrasaten abiatuko dute laster.

Arrasate Udala, Kutxa Ekogunea, Hondakinen Mahaia eta herriko komertzioak izan dira kanpainaren sustatzaileak. Helburua argia da: arrandegi, urdaitegi eta harategietan erosketak egiterakoan sortzen diren hondakinak murriztea. Hala, beste hainbat herritan martxan dagoen ekimena Arrasatera ere helduko da.

Sariak ontziak erabiltzearren

Kanpainaren eragileak proposatzen dute tuper edo ontziak herritarren artean saltzea, 0,5 eurotan. 3.000 ale banatuko dira. Banaketa oraindik zehaztu ez den bi egunetan egingo da, kanpainari lehen bultzada bat emateko. Ontziak dendetan jarriko dira salgai, aleak amaitu arte.

Kontsumitzerako orduan ohitura aldaketa bat eragitea du helburu ekimenak. Horregatik, erosketak dendetan erositako ontziekin egiteaz aparte, herritarrek etxetik eraman ditzakete. Gero, tuperrarekin egindako erosketa bakoitzeko txartel bat emango zaio bezeroari. Sariak banatzea kanpaina martxan jarri eta sei hilabetez mantentzea aurreikusten du Udalak. Gero, komertzio bakoitzak erabakiko du kanpainarekin jarraitzen duen edo ez.

Ingurumen Batzordearen proposamena asteon onartu du Tokiko Gobernu batzarrak; kanpaina osoaren aurrekontua izango da 4.507 eurokoa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak