Otsaileko baserritarren azoka egingo da zapatu goizean Arrasateko Seber Altube plazan. Hileroko postuez gain, zuhaitz feria izango da protagonista. Bizkaia eta Gipuzkoatik sei mintegi etorriko dira eta ekarriko dituzten landareak bertakoak izango dira nagusiki. Hau da, bertako mintegietan hazitako arbolak dira, ez dute zerikusirik kanpotik datozen mintegi handiekin. Lurrari lotuta daude; azoka egunaren bezperan ateratzen dituzten landareak dira.
Gaur egun ez da Zuhaitz Feriarik egiten, baina duela ez asko Zaldibarko pilotalekuan elkartzen ziren baserritarrak askotariko arbolak erosteko.
Lehen sektorea indartzeko apustua
Arrasateko Udalak lehen sektorea indartzeko apustuaren barruan kokatu beharra dago hilero egiten den azoka. Sasoian sasoiko produktuak kontsumitzearen aldeko apustua da eta horregatik hilero zerbait berezia antolatu gura dute. Otsailean zuhaitzak izango dira eta martxoan babarrunak. Izan ere, baba lehiaketa antolatzen dihardute herriko zenbait elkarte gastronomikorekin batera.
Ibilbide luzeko ekimena
Baserritarren azoka errotuta dago, baina Udalak uste du oraindik ere azokak bultzada berezi bat behar duela. Udalak jakin badaki ibilbide luzeko ekimena izan behar dela eta epe motzera ez dituela emaitza ikusgarririk emango. Era berean, baina, badabil fruituak ematen.