Otsailaren 15eko Arrasateko baserritarren azokan, zuhaitz eskaintza zabala aukeran

Jokin Bereziartua Lizarazu 2014ko ots. 8a, 08:30

Urtarrileko baserritarren azoka
Arrasateko Udalaren apustuen artean dago lehen sektorea bultzatzea, eta ahalegin horren barruan kokatzen da otsailaren 15eko baserritarren azokarekin batera Zuhaitz Feria antolatu izana. Euskal Herriko sei mintegitako landareak egongo dira, "ehunka" landare: "Kalitatez eskaintza zabala egongo da", dio Ingurumen teknikari Pello Garaik. Datorren zapatuan izango da, Arrasateko Seber Altube plazan, 09:00etatik 14:00etara.

Era berean, ohitura zaharra berreskuratu gura dute, izan ere, orain dela ez askora arte –"zazpi bat urte", Udalaren arabera– Zaldibarko pilotalekuan aukera egoten zen Euskal Herriko mintegietan hazitako landareak erosteko: "Neguan, martitzen eta eguenetan, mintegiak etortzen ziren eta han elkartzen ziren inguruko baserritarrak, hutsik egin gabe. Bizirik zegoen ohitura galdu da eta berreskuratzea gura dugu", adierazi du Ingurumen teknikari Pello Garaik.

"Kalitatezko eskaintza zabala"

Asmoa da gutxienez urtean behin Zuhaitz Feria antolatzea: "Neguko hilabeteetako baten, zuhaitzak landatzeko sasoia delako". Euskal Herriko sei mintegi etorriko dira, eta Garairen arabera, "kalitatezko eskaintza zabala" egongo da. "Ehunka" landare egongo direla aurreratu du; izan ere, gonbidatu dituzten mintegiak, Gipuzkoa eta Bizkaikoak guztiak, ekoizpen propioa dute eta sektorean izen handikoak dira: "Lurrari lotuta daude, ez dira kanpoko mintegi handien banatzaileak".

Egutegi bat zehaztu guran

Arrasate zuhaitzen salmentarako plaza izatea gustatu litzaioke Udalari: "Egun Markina, Tolosa eta Elgoibar dira erreferente; Arrasate hiru horiei gehitzea gustatuko litzaiguke". Arrasate zuhaitzak erosteko plaza moduan egonkortu dadin, Udalak egutegi bat finkatu gura du: "Arrasateko baserritarrekin bakarrik ezin dugu gauza handirik egin. Hala, zuhaitz azoken egutegi bat ezarri nahiko genuke eta urtero errepikatu". Ez dute datarik zehaztu baina asmoa da, esaterako, Arrasaten urtarrilean egitea, Bergaran otsailean egitea eta Oñatin martxoan egiten dena mantentzea. Zapatuan, hilak 15, egingo da azoka berezia, Seber Altube plazan (09:00-14:00).

Etorriko diren mintegiak

Etxebarria mintegiak: Fruta arbolak. Gatika (Bizkaia).
Urkizu mintegiak: Fruta arbolak, koniferoak eta basoko landare autoktonoa. Anoeta (Gipuzkoa).
Lurberri mintegiak: Basoko fruitu txikiak. Zarautz (Gipuzkoa).
Artadi mintegiak: Basoko landare autoktonoa. Igorre (Bizkaia).
Areitio mintegiak: Fruta arbolak, koniferoak, basoko landare autoktonoak eta lorategietakoak. Zaldibar (Bizkaia).
Belar mintegiak: Fruta arbolak, koniferoak, basoko landare autoktonoak eta lorategietakoak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak