Abuztu bukaeran Belorrieta eta Araba ibilbidearen inguruan ezarritako mugikortasun aldaketek "aurreikusitako emaitzak" eman dituztela ondorioztatu du Aretxabaletako Udalak. Neurrien aurretik eta ondoren sei puntutan egindako neurketek erakutsi dute ibilgailuen abiadura eta kopurua jaitsi egin direla oinezkoen eta txirrindularien joan-etorri handiko tokietan. Hala ere, trafikoaren zati bat inguruko beste kale batzuetara lekualdatu da. Orduan, aldaketak behin-behinean ezarri zituzten, emaitzak aztertu ondoren erabakitzeko zer mantendu eta zer egokitu.
Trafikoa gutxitu egin da
Farmaziako bidegurutzean egunero 3.000 ibilgailu igarotzetik 700 igarotzera pasatu dira: %77 gutxiago. Andramari kalean 1.700etik 700era jaitsi da kopurua, eta Basabeazpiko zebra-bidean erabat kendu dute motordunen zirkulazioa: lehen, 2.350 ibilgailu igarotzen ziren egunero. Azken puntu hori bereziki garrantzitsutzat jo du Udalak, eskolara doazen haurren, oinezkoen eta txirrindularien igarobide nagusia delako.
Trafikoa beste bide batzuetara bideratu da, ordea. Pausoka parean, esaterako, eguneko 900 ibilgailutik 2.500era igo da kopurua. Abiadura ez da nabarmen aldatu, eta Udalak neurri gehiago aztertuko ditu bertan. Iralabarri eta industrialdearen arteko aldapan 2.200 ibilgailu zenbatu dituzte egunero.
Ibilgailuak, motelago
Araba ibilbideko 24. zenbakian, zerrategi parean, 30 kilometro ordutik behera doazen ibilgailuen ehunekoa %19tik %52ra igo da. 40 kilometro ordutik gora doazenena, berriz, %35etik %6ra jaitsi da. Txakolin, Errekabarrenen amaieran, lehen, ia %40k gainditzen zuten 30 kilometro orduko abiadura; egun, ibilgailuen %95 muga horren azpitik dabiltza.
Pausokan, aldiz, eguneroko trafikoa 900 ibilgailutik 2.500era igo da. Ibilgailuen %61, adibidez, 30 kilometro ordutik behera dabil, eta Udalak abiadura gehiago jaisteko neurriak aztertuko ditu. Hain zuzen ere, helburua proportzio hori %90era iristea da; oraingo sigi-saga leunegia dela azaldu dute. Iralabarri eta industrialdearen arteko aldapan 2.200 ibilgailu zenbatu dituzte egunero, baina aurreko neurketarik ez dago. Bestalde, Belorrieta eta Zaraia arteko kaleko zenbaketa errepikatu egin beharko dute, lehenengo analisiko datuek huts egin dutelako.
Egokitzapen gehiago aztergai
Araba ibilbideko Belorrieta inguruan egin zuten abuztuko aldaketa nagusietako bat. Ordura arte bi noranzkokoa zen bidea noranzko bakarrekoa bihurtu zuten, bidegorria egin eta aparkaleku ilara bat gehitu zioten. Orain, ordea, diseinua berriro moldatzea proposatu du Udalak. Erdiko aparkaleku ilara kendu, eta aparkalekuak diagonalean antolatuko dituzte. Bidegorria bere horretan mantenduko da, baina autoentzako erraila zabalagoa izango da. Proposamenaren irudia behin-behinekoa da, eta aldaketa txikiak izan ditzake.

Errekabarreneko geldiunearen ordez, pasatzen uzteko seinale bat jartzea eta errekako zubitik datozenentzat zebra-bide bat egitea ere proposatu dute.