Aretxabaletako Belorrieta inguruko trafiko aldaketak indarrean dira dagoeneko

Oier Zumarraga Aranburu 2026ko abuztuaren 31

Trafikoaren noranzkoak aldatu eta noranzko bakarreko bideak ezarri dituzte. Abiadura murriztea zein oinezkoen segurtasuna handitzea da helburua.

Aretxabaletako Udalak martxan jarri ditu Mugikortasun Planean jasotako hainbat neurri, eta aldaketa nagusiak Belorrieta eta Araba ibilbidearen inguruan egin ditu. Zirkulazioaren noranzkoak berrantolatu, erreiak estutu eta bi sigi-saga egin dituzte (Araba ibilbidean eta Pausoka parean) ibilgailuen abiadura moteltzeko. Horrez gain, Mitarte kaletik kiroldegira arteko bizikletentzako lehentasunezko erraia margotzen dihardute.

Neurriak herriko eragileekin egindako parte-hartze prozesutik eta galdetegi digital baten bidez jasotako proposamenetatik abiatuta zehaztu dituzte. Udalak trafikoari buruz bildutako datuak ere hartu ditu oinarri, bereziki arriskutsutzat jotako hainbat gunetan. Farmaziako bidegurutzetik, esaterako, 3.000 ibilgailu inguru igarotzen dira egunero aste barruan, eta Basabeazpiko zebrabidetik 2.400.

Abiadura jaistean ere jarri dute arreta Udaletik: bildutako datuen arabera, 30 kilometro orduko muga gainditzen dute ibilgailuen %40k Pausoka parean, eta %70-80k Araba ibilbidean. 30 eta 40 kilometro orduko abiaduren artean nabarmen handitzen da harrapaketa hilgarri baten arriskua.

Zirkulazio aldaketak

Araba ibilbidean, Belorrietako zatia, norantza bakarreko bihurtu dute. Gainera, farmaziako bidegurutzetik eskuinera doan kaleak ez du irteerarik Basabe industrialderantz; beraz, tarte hori bi noranzkokoa da orain, ibilgailuak bide beretik sartu eta irteteko. 

Pausoka pareko tartea ere noranzko bakarrekoa da dagoeneko. Aparkatzeko modua ere berrantolatu dute bertan, eta sigi-saga egin dute abiadura moteltzeko. Errekabarren auzotik datozen ibilgailuek, beraz, ezingo dute ezkerrerantz bira egin. STOP seinalea ere jarri dute Pausoka baino lehenagoko bidegurutzean; hala, Belorrietatik datozen ibilgailuek dute lehentasuna bihurgunean.

Aparkalekuak, konpentsatuta 

Aparkalekuei dagokienez, Udalaren asmoa ez da plaza kopurua handitzea, beste esku-hartze batzuen ondorioz kenduko direnak konpentsatzea baizik. Errekabarren eta Durana arteko parkearen berrantolaketarekin eta Ilargi plazarekin lotzeko lanekin hainbat aparkaleku desagertuko dira; horien ordezko plazak inguruko beste gune batzuetan egokitzea aurreikusi dute.

Datuen arabera erabakiko dute

Oraingoz, aldaketa guztiak behin-behinekoak dira. Udalak ibilgailu kopuruari eta abiadurari buruzko datuak bilduko ditu datozen asteetan, neurriek aurreikusitako eragina izan duten aztertzeko. Emaitzen arabera, aldaketak behin betiko mantendu edo atzera egitea erabakiko dute. Udaletik onartu dute zirkulazio ohiturak aldatzeak hasierako zalantzak edo gaizki-ulertuak eragin ditzakeela, baina aldaketen bidez segurtasuna irabaztea du xede. Araba ibilbideari kale izaera handiagoa ematea, farmaziako bidegurutzeko trafikoa gutxitzea, Pausoka inguruko abiadura jaistea eta Basabeazpiko pasabidea oinezkoentzako eremu bihurtzea bilatzen dute.

Etorkizuneko esku-hartzeak

Mugikortasun Planeko jarduketak ez dira hor amaituko. Hurrengo esku-hartzeak Txarapean eta Santakurtz kale hasieran egingo dituzte: Txarapeako zebrabideetan abiadura moteltzeko neurriak hartuko dituzte, eta Azbeko biribilgunetik Santakurtz kalerako zebrabide luzean ere aldaketak egingo dituzte. Horiek ere behin-behineko neurriak izango dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak