Urte bukaeran hasi gura dituzte Andramari auzuneko lanak eta Ilargi parkearenak

Mirari Altube Arrese 2026ko uztailaren 17a

Itxura berria eman gura dioten Ilargi parkea.

Bi obra horiek aurrera egin dezaten kreditu txertaketa bana onartu du udalbatzak.

Andramari auzuneko plazaren urbanizazio lanen lehenengo lizitazioa iazko azaroan argitaratu zuen Udalak, baina ez zen inor aurkeztu. Martxoan beste deialdi bat prestatzen hasi zen, eta "proiektuari buelta bat" ematea erabaki zuen, "hutsune batzuk" atzemanda. "Goitik behera begiratu dugu proiektu hori, eta aldaketa batzuk egin ditugu. Horrek garestitu egin du apur bat, eta erabaki dugu diru txertaketa bat egitea aurretik zegoen kopuruari", azaldu du Ion Albizuk, Hirigintza zinegotziak. Hala, 500.000 eurori beste 100.000 euro gehitzea onartu zuten eguaztenean egindako ohiko osoko bilkuran.

Udalaren asmoa da uztail bukaeran lizitaziora ateratzea lanak: "Baina eskaintzak aurkezteko epea luzatu egingo dugu, irail bukaera arte". Eta azaldu du plaza horren azpialdeko garajeetan jabekideak egiten dabiltzan lanak oraindik ez dituztela erabat amaitu. Horiek bukatutakoan hasiko da Udala gainazala egokitzen: "Urtea bukatu aurretik, espero dugu, eta ez dira lan luzeak izango". Aisialdirako gunea egokituko dute han: "Saskiak egongo dira, futbolerako ateak ere bai, baina ez da izango kirolerako bakarrik". Dena den, "edozer" ezingo dela egin argi utzi du, azpian garajeak daudelako.

Andramari auzuneko plazatxoa.

Ilargi parkea

Ilargi plazaren eta Gurea tabernaren atzeko partearen artean dagoen gunea –Maria Worth izena izan zuen gunea– ere urbanizatuko dute. Zorua berritu egingo dute, putzu asko sortzen direlako eta bidea "egoera kaskarrean" dagoelako. Inguru guztia kota bakarrean jarriko dute, oinezkoek lehentasuna izan dezaten. "Lorategi txukun bat egokitu gura dugu, egonleku eroso bat. Asmoa da Aretxabaletaren erdigunean leku lasai bat sortzea, irakurtzen egoteko, esaterako". Proiektua esku artean dute eta lanak egin ahal izateko 570.000 euro bideratu dituzte. Irailean aterako dituzte lanak lizitaziora eta urte bukaeran edo hurrengoaren hasieran abian izatea gurako lukete.

EAJ ez zen bat etorri. Mikel Uribetxebarria bozeramailearen esanetan, Ilargi parkearen aurretik lehentasuna izan beharko lukete Lausittako ur-hornidura eta saneamendu lanek, "azpiegitura horiek behar handia dutelako". EH Bilduk erantzun zuen "obra benetan potoloa" dela, diru kopuru handia eskatzen duena: "Agintaldi honetan proiektua egiteko konpromisoa hartu genuen eta hori bete egingo dugu, hurrengo agintaldian lanei ekin ahal izateko".

Beste kreditu txertaketa batzuk

Ohiko osoko bilkuran beste kreditu txertaketa batzuei ere oniritzia eman zieten. Hilerrira 50.000 euro bideratu dira, hainbat inbertsio egiteko, eta ur-hornidura sareko hartune orokorretako lanetarako, 40.000 euro.

Ortu komunitarioen proiektuari dagokionez, dagoeneko 18.200 euroko partida zegoen aurrekontuan, eta horri 250.000 euro gehitzea erabaki zuten.

Horiez gain, kopuru txikiagoko beste kreditu aldaketa batzuk egin direla jakinarazi zuten; horien artean daude, kulturako mahaiak eta aulkiak mugitzeko kaiolak erosteko, autobus geltokiak hobetzeko eta txoko feministan inbertsio txikiak egiteko. Guztira –azken horiek eta aurretik aipatutakoak batuta– 1.010.000 euro gehitzea aurrekontuetara erabaki zuten, 518.200 eurotik 1.528.200 eurora pasatuz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak