ALBISTEAK

Erritmo onean doaz lanak Aozaratza eta Urkulu artean egiten ari diren oinezkoentzako bidean

Koldo Zubia Salas

Gipuzkoako Aldundiak hasi ditu Urkulu urtegiaren ingurua hobetzeko lanak. Egiten ari diren jarduketen artean, forma hartzen ari da jada Aozaratza auzoa eta Urkulu urtegia elkartuko dituen bidegorri zatia. Halaber, Areantza auzora doan errepideko hondoraketak konpontzeko lanak ere martxan dira. Eta Basabetik Urkulura igotzeko bidean, laster hasiko dira lanean.

Aozaratza auzotik Urkulura joateko zati batean, errepide ondotik joan behar izan dute oinezkoek orain arte. 220 metro dituen tarte horrretan oinezkoen bidea egiten dabiltza, Aldundiak esleitutako lanen baitan. Esku hartzeen helburua, "oinezkoen segurtasuna eta erosotasuna bermatzea" da.  Bide berria, urtegira doan GI-3131 errepidearen eskuinaldean eraikitzen ari dira. Lanak sei astetan amaituta egotea espero da, eta 141.105,61 euroko aurrekontua dute horretarako. 

Areantzan konponketa lanak

Areantza auzoko errepidean berriz, hondoraketak konpontzeko lanak egiten ari dira. Errepidearen azpitik igarotzen den uraren higadurak eragin ditu kalteak, eta ur horiek behar bezala bideratzeko azpiegitura egiten dabiltza. Errepidearen zorua udaberrian berrituko dutela adierazi du Aldundiak.

Basabeko zeharkabidea

Azkenik, herrigunetik; hau da, Basabe aldetik Urkulura igotzeko bidean ere segurtasun neurriak hartuko ditu Aldundiak. Errepidea gurutzatu ahal izateko, saihesbide gaineko zubia igaro ondoren dagoen zeharkabidea beherago jarriko dute. Ikuspena hobetzeko eta oinezkoek errepidea segurtasun handiagoz zeharkatu ahal izateko helburuarekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak