Urkulu urtegiaren inguruan hainbat hobekuntza-lan egingo dituela datozen hilabeteetan iragarri du Gipuzkoako Foru Aldundiak prentsa-ohar bidez. Lan horien helburu nagusia izango da "oinezkoen segurtasuna eta erosotasuna bermatzea".
Aozaratza eta urtegiaren arteko bidea
Lanik garrantzitsuena izango da Aozaratza auzoaren eta urtegiaren artean oinezkoentzako bide-tarte berria eraikitzea. Izan ere, Aozaratzako hilerritik urtegiraino, 220 metro inguruko tarte batean, GI-3131 errepidearen bazterretik ibili behar dute orain. Bide berria errepidearen eskuinaldean eraikiko da –urtegirako noranzkoan– eta lanak sei astetan egingo dituzte, 141.105,61 euroko aurrekontuarekin. Hala, Urkulu urtegiaren inguruko oinezkoen ibilbidea osatuko da eta Otalora jauregiko aparkalekutik urtegiraino doan oinezkoendako bideak ez du etenik izango.
Horrez gain, Basabe baserritik urtegira igotzeko oinezkoendako bidea egokituko dute, GI-3131 errepidea segurtasunez gurutzatzeko. Azaroan egingo dituzte lan horiek eta asmoa da gurutzatzeko puntua beherago kokatzea, "ikuspena hobetzeko eta oinezkoek errepidea segurtasun handiagoz zeharkatu" ahal izateko.
Areantzako errepideko hondoratzeak
Bestetik, Areantza auzoko errepideko hainbat puntutan dauden hondoratzeak konpontzeko lanak egingo ditu Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako departamenduak: "Kalte horiek errepidearen azpitik igarotzen den uraren higadurak eragin ditu, eta konponketa egokia egiteko beharrezkoa da, lehenik, ur horiek behar bezala bideratzea", adierazi dute prentsa-oharrean.
Urak bildu eta bideratzeko azpiegituraren lanak abian dira dagoeneko: arekak eta kutxatilak berrituko dituzte, eta 320 metroko luzeran sakoneko drainatze-sistema berriak eraikiko dira.
Urak behar bezala bideratzeko lanak egingo dira aurten, eta, ondoren, 2027ko udaberrian, errepidearen zorua berreraikiko dute.