ALBISTEAK

Felix Iñurrategiren omenezko murala inauguratu dute Aretxabaletan

Oier Zumarraga Aranburu

Mutiko Kristal eta Yon Glass artista aretxabaletarrek elkarlanean sortutako artelanak horma-irudia eta kristalean zizelkatutako erretratua uztartzen ditu.

Felix Iñurrategi mendizalearen omenezko artelana inauguratu zuten atzo Aretxabaletako Otalora kalean, herritar ugariren aurrean. Mutiko Kristal eta Yon Glass artista aretxabaletarrek elkarlanean egindako obrak bi teknika uztartzen ditu: horman margotutako mural handia eta kristalean zizelkatutako erretratua. Horrekin batera, Felixek sarri erabiltzen zuen "Bihar ere argituko du egunak" esaldia ere margotu dute horman.

Bi artista, artelan bakarra

Aspalditik zuten bi artistek elkarrekin zerbait egiteko asmoa, eta proiektua herrian bertan gauzatu nahi zuten. Azkenean, Felix Iñurrategiren omenezko obra sortzea erabaki zuten. Mutiko Kristalek horma-irudi handia margotu du, Everest mendia atzean duela; Yon Glassek, berriz, mendizalearen erretratua zizelkatu du kristalean, puntzoia eta mailua erabilita.

Anaiaren oroimena, bizirik

Inaugurazio ekitaldian Alberto Iñurrategi ere izan zen. Felixekin batera munduko hamalau zortzimilakoetatik hamabi igo zituen, oxigeno artifizialik erabili gabe. Bi artista gazteen lana goraipatu zuen, eta anaiaren omenezko artelana ikusteak hunkitu egin zuela aitortu zuen.
Muralaren ondoan margotutako esaldiak ere esanahi berezia du: Bihar ere argituko du egunak. Felixek gauzak okertzen zirenean erabiltzen zuen, ingurukoei adorea emateko eta itxaropenari eusteko. Hemendik aurrera, haren irudia eta hitzak Otalora kalean izango dira, mendizalearen oroimena bizirik mantentzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak