Felix Iñurrategiri omenaldia egingo diote, horma-irudi bat sortuta

Oier Zumarraga Aranburu

Muralak eta kristalezko erretratuak osatuko dute elkarlanean egindako lana.

Mutiko Kristal aste honetan hasi da Aretxabaletako sarreran, Otalora kaleko eraikin bateko partean, Felix Iñurrategi mendizalearen omenezko horma-irudia margotzen, Everest mendia atzean duela. Ez da, ordea, muralgilearen lana bakarrik izango. Yon Glass izen artistikoarekin lan egiten duen Yon Martin herrikidearekin elkarlanean ari dira proiektua garatzen. Mutiko Kristalek horma-irudia egingo du, eta Yon Glassek kristalean zizelkatutako pieza bat prestatuko du, marko batean paretara iltzatzeko. Aspalditik zebiltzan bi artistak lan bateratu bat egiteko ideiari bueltaka. Biek argi zuten Aretxabaletan egin nahi zutela, eta gaia aukeratzerakoan ere herrira begiratu zuten: Felix Iñurrategi mendizaleari omenaldia. Herriko sarreran dagoen horma bat erabiliko dute horretarako.

Azken emaitza osatzen

Proiektua gauzatu aurretik, Udalaren baimena lortu zuten eta eraikineko bizilagunekin ere egin zuten bilera. Urrats horiek eginda hasi dira egunotan Otalora kaleko horma-irudiari forma ematen. Dena ondo bidean, artelanak datorren aste amaierarako bukatzea espero dute. Orduan jarriko dute Yon Glassek prestatutako kristalezko pieza horman, muralarekin bat egin dezan. Behin lana osatuta, inaugurazio ekitaldia egin nahi dute herritarrekin batera, Felix Iñurrategi oroitu, egindako lana gertutik erakutsi eta proiektuari behar bezalako amaiera emateko.

Bi artista, eta bi teknika

Mutiko Kristalek horman margotuko du Felix Iñurrategiren irudia; Yon Glassek, berriz, kristalean zizelkatuko du erretratua, puntzoia eta mailua erabilita. Hala, bi artista aretxabaletarrek irudi bera egingo dute formatu eta teknika desberdinak aplikatuz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak