ALBISTEAK

"Oso ondo" joan dira Aretxabaletako Andramaixak

Gontzal Belategi Zubia 2026ko abuztuaren 20a

Amaitu dira Aretxabaletako Andramaixak, eta kaleak normaltasunera itzultzen hasi dira. Balorazio ofizialik egin ez duten arren, jaiak "oso ondo" hoan direla uste du Aretxabaletako alkate Gari Iturbek.

Abuztuaren 13tik 17ra bitarte festa izan da nagusi Aretxabaletako kaleetan, baina, amaitu dira Andramaixak eta kaleak ohiko itxura hartzen doaz berriro ere. Orain, balorazioak egiteko garaia heldu da, eta modu ofizial batean gaia jorratu ez duten arren, Aretxabaletako Udaleko ordezkariek jaiak “oso ondo” joan direla adierazi dute. "Ez dugu balorazio ofizialik egin, baina jaiak oso ondo joan dira. Giro ona egon dela esango nuke, eta ekintza ezberdinetan parte-hartzea handia izan da".

Jai lasaiak izan dira aurtengoak, eta publikoki gutxienez, ez da inolako erasorik salatu: "Ez da inolako gauza handirik". Hala ere, Atxabaltako Txosna Batzordeak elkarretaratzea egin zuen jaien ostean, salatu gabe gelditzen diren eraso horiek azalerazteko helburuarekin.

Jaiak aurrera ateratzeko lanean

Jaiak aurrera atera ahal izateko ugariak izan dira modu batean edo bestean burubelarri lanean ibili diren pertsonak. Jaien atzean egon den lan guztian azpimarra jarri nahi izan du Iturbek: "Eskertzekoa da egun hauetan lan egin duten pertsona guztien jarduna; izan brigada, kulturako langileak, garbitasun langileak eta boluntario bezala lanean ibili diren guztiak. Beraiegatik ere bada jaia eta beraiek egiten dute posible jaiak egin ahal izatea"

Txosnagune batzorde berriarekin pozik

Txosnagunea izan da azken bi urteetan Andramaixetan egon den afera handietako bat. Gugeu atxabalta eta Atxabaltako Gazte Mugimenduak txosnagune bana jarri izan dute, bakoitzak bere egitarauarekin.Hala ere, aurten, bi mugimenduak adostasun batera heldu dira, eta txosnagune bakarra jarri dute Atxabaltako Txosna Batzordea izenarekin.

Txosna batzorde berri honen agerpena modu positiboan baloratzen du Aretxabaletako alkateak, eta guztientzat onuragarria izan delakoan dago: "Poztekoa dela uste dut. Bi urteren ostean elkar ulertu eta jaiak bateratuta egitea eta egitarau bakarrean guztiontzat positiboa dela uste dut, poztekoa da".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak