Jaietan eman diren eraso ezberdinak salatzeko elkarretaratzea egin dute

Gontzal Belategi Zubia 2026ko abuztuaren 19a

Erasoak salatu eta azalerazteko egindako elkarretaratzea. (Argazkia: Atxabaltako Txosna Batzordea)

Atxabaltako Txosna Batzordeak deituta, jaietan eman diren eraso ezberdinak salatzeko elkarretaratzea egin zuten atzo, martitzena, Mitarte kalean. "Aurtengo jaietan publikoki erasorik salatu ez bada ere, horrek ez du esan nahi ez ditugula erasoak pairatu", azaldu dute batzordeko kideek.

"Erasuen aurrian, herri erantzuna!" lelopean, elkarretaratzea egin zuen atzo, martitzena, Atxabaltako Txosna Batzordeak, Mitarte kalean. Jaietan eman diren eraso ezberdinak salatzea eta azaleraztea zuen helburu elkarretaratzeak. "Aurtengo jaietan publikoki erasorik salatu ez bada ere, horrek ez du esan nahi ez ditugula erasoak pairatu", azaldu zuten batzordeko kideek amaierako irakurketan.

Askotariko erasoak aipatu zituzten irakurketan: eraso matxista, sexista, homofobo, transfobo, lodifoboa zein arrazistak. "Oso argi daukagu erasoek aurpegi asko dituztela, eta aurtengo jaiek hori berretsi dute", gaineratu zuten. Horrekin batera, beraien "babes osoa" adierazi nahi izan zieten erasoak jasan dituzten pertsona guztiei: " Zuekin gaude, eta guk sinesten zaituztegu".

Jai guneak seguruak izateko lanean

"Aurreko urteetan bezala, Andramaixak antolatzen hastearekin batera, Andramaixak denondako espazio seguruak izateko lanean" hasi zirela nabarmendu dute batzordeko kideek. Hala ere, azaldu dutenez, badakite jai guneak ez daudela indarkeria matxismotik salbu: "Jakin badakigu gure jai guneak ez daudela indarkeria matxistetatik salbu, eta egunerokotasunean gertatzen den moduan, espazio hauetan be erasotuak izaten gara".

Txosnagunea ahalik eta espazio seguruena izateko bide horretan, protokoloko txandalarien lana azpimarratu nahi izan dute: "Aipatu biherrekua da protokoloko txandalari denek txosnagunea espazio seguru bat izateko egin duten lana. Urteak aurrera joan ahala, eraso matxista eta arrazistak handitzen doazen honetan, protokolo lantaldeak bere indarrak eta baliabideak handitzeko beharra ikusi du. Horregatik, txandalarien lana goraipatzea nahi genuke. Izan ere, protokoloko petoa eramatea peto bat janztea baino askoz haratago doa".

"Ardura hartzeko" ordua

Jaietan gertatutakoa "ez dela kasualitatea" azpimarratu nahi izan dute batzordeko kideek: "Eraso matxistak ez dira kasu isolatuak; momentu puntual baten zoro batek egindako erasoak. Eraso matxistak patriarkatuaren ondorio zuzena dira eta eraso arrazistak sistema kolonial eta arrazistaren ondorio zuzenak". Horren ondorioz, "ardura hartzea" guztien lana dela aipatu dute, gizonen eta pertsona zurien kasua nabarmenduz: " Bakoitzak dagokigun lekutik, gure jarrerak errebisatu eta lanean jarraitzeko ordua da".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak