Atxabaltako Gazte Mugimenduak eta GuGeu Atxabaltak batera sortu berri duten Txosna Batzordeak Tomate eguneko pregoiarekin hasi dituzte Andramaixak. Indarrak batuta, berrikuntzaz beteriko bost eguneko egitaraua prestatu dute, ekintzak txosnetatik harago eramateko intentzioarekin. Esaterako, aipatzekoak dira bihar, Asier K, Lide Arregi eta Markel Ramos umoregileek Ezkutu tabernan egingo duten bakarrizketa saioa, domekako bertso-poteoa edo sokamuturraren alternatiba gisa, astelehenean antolatu duten bolei txapelketa. Horiek guztiak girotzeko, egunero izango dira kontzertuak.
Bestalde, nabarmendu dute, Aretxabaletako jai-gunea inolako erasorik gabeko gune segurua izatea nahi dutela. Horregatik, jaiek irauten duten artean, 24 orduz martxan egongo den protokoloa ere abiatu dute.
Ekintza ugari
Txosna Batzordekoek antolatutakoez harago ere, badago non ibili Aretxabaletan. Ikurrinaren agurra, Aretxabaletako erraldoien kalejira, haurren eguna, pilota partiduak, Milagroko bandaren emanaldia, txirrindulari lasterketa edota paella-jana dira egitarau nagusiko hitzordu batzuk. Musika emanaldiei dagokienez, bestalde, Su ta Gar, Neomak, Ruper Ordorika, Niña Dioz eta Txapela Brava dira azpimarratzekoak. Egitarau osoa hemen klikatuz ikusi daiteke.