Udalak deitutako kartel lehiaketa Amaiur Madinabeitia aretxabaletarrak irabazi du. Collage estiloa erabili du eta herriko hainbat kale eta eraikin irudikatu horrela. Hirugarrenez aurkeztu da lehiaketara eta lehenengoz jaso du saria, hortaz, pozik azaldu da sortzaile gaztea.
Era berean, jaietarako aterako dituzten zapiek Uxue Uribeetxebarria Madinabeitiak asmatutako esaldia izango dute: Jo trague euskeriei! Loramendi elkarteak deitutako esaldi lehiaketa irabazi zuen horrek.
Txupina, txistulariek
Ohiko ekitaldiek eta berriek bat egingo dute jaietan. Abuztuaren 14an jaietako pregoia egin eta txupina botatzearen ardura Loramendi txistulari taldeak izango du: "Udaletxeko atarian egotetik lanean, balkoira igoko dira aurten jaiei ongietorria ematera", adierazi du Ibai Zangitu Kultura zinegotziak.
Bestalde, abuztuaren 16ko Haurren Egunari ongietorria egingo dioten alkate eta alkate-orde txikiak izango dira Eki Blanco eta Maddi Bengoa. "Txupina botatzeko kokalekua aldatu egingo dugu aurten, txirrindulari lasterketarekin bat egiten duelako; udaletxeko balkoitik beharrean Herriko Plazako oholtzatik egingo dute", azaldu du Zangituk.
Ohiko ekitaldiei dagokienez ez dute hutsik egingo ikurrinari agurrak, Aretxabaletako erraldoien kalejirak, Milagroko bandaren emanaldiak, pilota partiduek eta txirrindulari lasterketak, sokamuturrak eta paella-janak, esaterako. Era berean, Herriko Plazako oholtzara igoko diren makinatxo bat musika talde iragarri dituzte, besteak beste, Ruper Ordorika, Neomak, Su ta Gar, Jon Kass eta Txapela Brava.
Txosnaguneko ekitaldiak
Berrikuntzetako bat da txosnagune bakarra. Aretxabaletako Txosna Batzordea sortu dute herriko gazteek eta horren bueltan askok jardun dute lanean azken hilabeteetan. Ohi legez, abuztuaren 13an zabalduko dute gunea txupinazoa botata eta jaiak ez du etenik izango hilaren 17 goizaldera arte.
Gazte bazkariak ez du hutsik egingo, eta txartelak uztailaren 26a arte izango dituzte salgai Urbaltz eta Arlutz tabernetan.
Horrez gain, umore ikuskizuna, jolasak kaleetan eta kontzertuak izango dira, besteak beste. Azken horiei dagokienez hainbat musika talde nabarmendu gura izan dituzte: Tatta, Nhil, Kumbialari, Lukiek, Moonshine Wagon eta Bixentak.
Puntu Morea, Mitarte kalean
Indarkeria matxistarik gabeko jaien alde egin dute beste behin Udalak zein Txosna Batzordeak. Dena den, Puntu Morea antolatu dute edozein gorabehera artatzeko zein zalantzak argitzeko. Abuztuaren 14an, 15ean eta 17an egongo da 20:00etatik 02.00etara, Mitarte kalean.
Horrez gain, edonork behar izanez gero honako telefono zenbakien berri eman dute:
- Larrialdiak –24 ordu–: 112.
- Satevi –etxeko indarkeriaren edo sexu eraseon biktima izan diren emakumeentzako informazioa eta arreta zerbitzua–: 900 840 111.
- Udaltzaingoa –10:00-14:00 eta 16:00-20:00–: 943 71 18 63.
- Ertzaintza: 943 53 47 20.
- Ortzadar –LGTBIAQ+fobiaren biktima izan diren pertsonentzako informazio eta arreta zerbitzua–: 028.