Unai Calzonek Lorpen esanguratsuak eskuratu ditu Aretxabaletako taldearekin. Alabaina, erabaki pertsonal baten ondorioz, denbora batez, gutxienez, berdegunetik urruntzea erabaki du aretxabaletarrak.
Joan den astean eman zuen Calzonek erabakiaren berri, eta, zapatuan UDAk denboraldiko etxeko azken partidua jokatu zuela aprobetxatuz, entrenatzailea agurtzeko eta eskertzeko baliatu zuten partidua zuzendaritzako kideek zein zaleek. Harekin batera, lau jokalarik –Josu Aizpurua, Xabi Armentia, Joseba Orbegozo eta Endika Saez de Eguilaz– eta Beñat Etxabe prestatzaile fisikoak ere taldea utziko dute, eta haiek ere jaso zuten errekonozimendua zapatuko norgehiagokaren aurretik. Eskerrik asko kolore hauek defendatzeagatik zioen pankarta zabaldu zuten haien aurrean, eta jokalari gaztetxo asko izan zituzten inguruan agurrean.
Ziklo amaiera borobila
Unai Calzon UDAko talde nagusiko entrenatzaile gisa aritu den bost urte hauetan, "lorpen esanguratsuak" eskuratu ditu taldeak. Esanguratsuena, agian, 2023- 2024ko denboraldian lortutako igora, Hirugarren RFEF Mailara. Ordutik, hor mantendu dira, eta, horregatik, lorpen historiko bat eginda utziko du aulkia: hirugarren urtez jarraian, Hirugarren RFEF Mailan jokatuko dute –klubaren historian ez dute aurretik horrelakorik egin–. "Lortutakoaren balorazio ezin hobea egiten dut; egia esan, ez genuen espero klubak bost urte hauetan izandako bilakaera. Jokalariak dira protagonista nagusiak, eurek eskatutako guztia eman dutelako", adierazi du Calzonek.
Calzon entrenatzaile zela, 2023-2024ko denboraldian Hirugarren RFEF mailara igo zen UDA.
UDA futbol taldeko zuzendaritzak jakinarazi duenez, "errespetu handiz" hartu dute erabakia, eta esker ona erakutsi nahi izan diote Calzoni, talde nagusian eta taldeko beste hainbat egituratan urte askoan egindako lanarengatik. Calzonek ere argi utzi nahi izan du hartutakoa "erabaki pertsonala" izan dela: "Talde nagusia entrenatzeak nekea pilatzen du, erabaki ugari hartu behar dira, eta, horretarako indarra behar da. Etapa hau ixtea erabaki dut, hala sentitzen dudalako eta momentua delako".
Klubaren historian bost urtez entrenatzaile izandakoak ez dira asko; Calzonek berak ere ez du horrelakorik gogoratzen azken 30 urteetan. Horregatik, eskerrak ematen amaitu du: "Jokalariei, staff teknikoari, kirol zuzendariari, zuzendaritzari eta Ibarra betetzen duten zaleei eskerrik asko; baita familiari, kuadrillari eta momentu oro nirekin egon direnei".
Barkeroren txanda
Calzonen lekukoa hartuko duena beste aretxabaletar bat izango da: Jose Javier Barkero. Jokalari bezala, besteak beste, Realean, Eibarren, Numantzian eta Levanten aritu ostean, urteak daramatza UDAko hainbat taldetako entrenatzaile izaten, eta azken bi urteetan bigarren taldeko entrenatzailea izan da. Entrenatzaile berriak ontzat jo du Calzonek lehen taldean egindako lana: "Calzonen eskutik, taldea Hirugarren Mailara igotzeaz gain, mantendu egin da, eta meritu handia du horrek. Pozik eta harro joan daiteke, eta, gainera, herrikoen maitasunarekin". Bestalde, entrenatzaile kargu hori hartzeko erabakia "naturaltasunez" hartu duela adierazi du.
"Datorren denboraldian ere taldearen helburua mailari eustea izango dela uste dut; Hirugarren RFEF Maila oso zaila da, eta gora begira egotea ez litzateke normalena izango. Sekulako ilusioa dugu, eta ilusio horrekin jarraituko dugu futbol-zelai guztietan lehiatzen. Batez ere, bi urte hauetan lortutakoa zortea ez dela izan erakusteko, atzetik urteetan egindako lanaren emaitza bazik", amaitu du Barkerok.