Hirugarren Mailako entrenatzaile Calzon eta hainbat jokalari agurtu dituzte UDAk eta zaleek

Mirari Altube Arrese 2026ko maiatzaren 10a

UDAko Hirugarren Mailako taldeak 2025-2026 denboraldiko etxeko azken partidua jokatu zuen atzo, zapatua. Unai Calzon entrenatzaileak, prestatzaile fisikoak eta lau jokalarik ez dutela jarraituko esan dute astean eta horiek agurtzeko eta eskertzeko baliatu zuten partidua zuzendaritzako kideek zein zaleek. (Argazkiak: UDA)

Ezohiko egunean eta orduan –zapatuan, 17:00etan– jokatu zuen UDAk atzo baina zaleek ez zuten hutsik egin Ibarra futbol zelaian. Izan ere, ospakizun berezia zegoen deituta: Unai Calzon entrenatzailea, Beñat Etxabe analista eta prestatzaile fisikoa eta lau jokalari agurtzea: Josu Aizpurua, Xabi Armentia, Joseba Orbegozo eta Endika Saez de Eguilaz.

"Eskerrik asko kolore hauek defendatzeagatik" zioen pankarta zabaldu zuten haien aurrean eta jokalari gaztetxo asko izan zituzten inguruan agurrean.

Zamudioren aurka jokatu zuen partidua UDAk eta jokoan ezer ez izan arren zaleei poztasuna itzuli nahi izan zieten; hala, 3-1 irabazi zuten aretxabaletarrek.

"Aseta eta zoriontsu"

Unai Calzon aretxabaletarra bost denboralditan izan da lehen taldeko entrenatzailea. Hirugarren Mailara igotzea lortu zuen taldeak haren eskutik 2023-2024 denboraldian, baita bi urtez jarraian maila mantentzea ere.

Zapore gozoarekin bukatu duela ibilbidea adierazi zuen Calzonek atzo, partiduaren bukaeran: "Gazia, behar bada, banoalako, utzi egiten dudalako, baina deskantsua behar nuen. Baina zapore gozoarekin noa: oso beteta, pozik eta aseta. Eta oso zoriontsu, nire klubean hau lortu izanak ez duelako preziorik. Era berean, oso eskertuta nago. Eskerrak jokalariei, direktibari, zuzendaritza, staff teknikoari eta zaleei".

Hirugarren Mailako ibilbidearen balorazio positiboa egin du: "Hasieratik izan dugu talde on bat. Abiapuntua ona izan zen eta eboluzioa ere positiboa izan da beti. Oso eskertuta nago jokalariei eman duten guztiagatik, maila ona emateaz gain, egunero egin duten esfortzuagatik".

Orain beste zale bat gehiago izango dela gaineratu zuen: "Eskerrik asko guztioi; oso polita izan da, eta oso zoriontsu noa. Eta hemendik aurrera hemen, Ibarran, izango naiz, beste zale bat gehiago moduan. Eta aupa, UDa!"

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak