Unai Calzonek ez du jarraituko UDAko lehen taldea entrenatzen

Mirari Altube Arrese 2026ko maiatzaren 7a

Unai Calzon, Ibarran, partidu bat zuzentzen. (Argazkia: UDA)

Aretxabaleta Kirol Elkarteak jakitera eman du Unai Calzonek ez duela lehen taldeko entrenatzaile izaten jarraituko 2026-2027 denboraldian. Horrez gain, analista eta prestatzaile fisikoa izan den Beñat Etxabek ere lan-taldea utzi egingo du, baita lau jokalarik ere.

Ibilbide luzea egin du Calzonek UDAn eta klubeko egitura desberdinetan lanean jardundakoa da. Bost denboralditan izan da lehen taldeko entrenatzailea eta taldeak "lorpen esanguratsuak" eskuratu ditu haren eskutik; nabarmenenak, Hirugarren Mailara lortutako igoera eta bi urtez jarraian maila mantentzea (klubaren historian inoiz ez da gertatu)… Orain, denboraldi honen bukaeran, ibilbide hori amaitutzat emango du.

Calzonek alboan izan du Beñat Etxabe, analista eta prestatzaile-fisikoa eta horrek ere lan-taldea utzi egingo du.

Lau jokalarik ere agur

Bestalde, hainbat jokalarik ere ez dutela jarraituko jakinarazi dute. Honako hauek: Josu Aizpurua, Xabi Armentia, Joseba Orbegozo eta Endika Saez de Eguilaz.

Eguilaz joan zen denboraldian iritsi zen taldera, eta lesioek eraginda protagonismo gutxi izan du. Orbegozok, ostera, bi urte pasatu ditu Aretxabaletan, Hirugarren Mailara igoera lortu zen denboraldian batu baizen taldera; zikloa maila berean amaituko du.

Xabi Armentiak, hiru denboraldi egin ditu UDAn. Hirugarren Mailara igoeran, "funtsezko pieza" eta aurten kapitainetako bat izan da.

Josu Aizpuruaren kasuan, klubarekin lotura berezia izan duela azpimarratu dute: futbol eskolatik hasi eta lehen taldeko kapitain izatera iritsiz.

Agurra zapatuko partiduan

Taldeak, zapatuan, maiatzaren 9an, jokatuko du denboraldiko azken partidua etxean, Ibarran. 17:00etan izango da Zamudioren aurka eta elkarteak eskerrak emateko baliatuko du "emaitzez haratago klubaren balioak profesionaltasunez eta konpromisoz defendatu" izanagatik: "Aretxabaleta KEk eskerrik beroenak eman nahi dizkie guztiei erakutsitako konpromisoagatik, profesionaltasunagatik eta klubaren balioekiko leialtasunagatik, eta zorterik onena opa die etorkizuneko erronketan".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak