Argazkia.eus sari banaketa Euskal Herriko argazkilaritzaren topagune izan da

Izar Ruiz de Austri Arexolaleiba 2026ko maiatzaren 9a

Arkupe aretoak argazkigintza izan du erdigunean gaur, Aretxabaletako Udalak antolatutako Argazkia.eus Euskal Herriko topaketaren sari banaketarekin. Saritutako zazpi argazkilariek, euren lanak aurkeztu eta irudien atzean dauden istorioak publikoarekin partekatzeko tartea izan dute.

Aretxabaletako Udalak Argazkia.eus Euskal Herriko argazki topaketaren hirugarren edizioko sari banaketa ekitaldia ospatu du gaur Arkupe aretoan. Euskal Herriko zazpi probintzietatik iritsitako argazkilariek hartu dute parte jardunaldian, eta egun osoan zehar irudien atzean dauden istorioak, begiradak eta bizipenak partekatzeko aukera izan dute.

Ekitaldiak sari banaketa baten itxura izatetik harago, argazkigintzaren inguruko topagune bilakatu da. Publikoak argazki bildumen kontakizunak zuzenean entzuteko aukera izan du, xehetasun teknikoetatik harago egileen begirada eta asmo artistikoa ezagutuz. 

Aurten ere, zortzi sari banatu dituzte: Euskal Herriko zazpi lurraldeetako irabazle bana eta herriko sari berezia. Gipuzkoako ordezkari gisa, Estitxu Ortolaiz saritu dute Matriarkado bildumarekin; Arabakoa izan da Ivan Martin, Dark: el sacamantecas lanarekin; Bizkaiko saria Aitziber Abasolorentzat izan da, Zorrotzaurre bildumagatik; Nafarroakoa, berriz, Carmenchu Alemanek jaso du San Fermin 2001 lanari esker. Lapurdiko ordezkaria Marc Gasso izan da, Mugalari bildumarekin; Nafarroa Behereko saria Pierre Balaceyrentzat izan da, Ahadi lanagatik; eta Zuberoakoa Cristophe de Pradak eskuratu du, Pilota bildumarekin. Hala ere, de Prada ezin izan da ekitaldira bertaratu, eta horren ondorioz sari banaketa aurreikusitakoa baino lehenago hasi dute.

Herriko sariak ere protagonismo berezia izan du. Aretxabaletako argazkilari Angel Ayastuyk jaso du aurtengo saria, Ointxapeldunak bildumari esker. Saritua "oso pozik" agertu da jasotako aitortzarekin. 

Erakusketa zabalik

Sari banaketatik harago, Argazkia.eus topaketak jarraipena izango du datozen asteetan ere. Izan ere, maiatzean zehar Arkupe Kultur Etxeko erakusketa aretoan zortiz erakusketa egongo dira ikusgai, herritarrek saritutako lanak gertutik ezagutzeko aukera izan dezaten. 

Antolatzaileek  aurtengo edizioaren balorazio positiboa egin dute, eta datorren urteari begira ere proiektuarekin jarraitzeko gogoz azaldu dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak