Angel Ayastuy (argazkilaria): "Ekimen polita da, argazki bat beharrean proiektu oso bat aurkeztu behar delako"

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2026ko maiatzaren 8a

Angel Ayastuy argazkilaria. Argazkia: A. A.

Aretxabaletako Udalak hirugarrenez antolatu duen Argazkia.eus sariketako Aretxabaletako Saria irabazi du Angel Ayastuy (Eibar, 1964) argazkilariak, Ointxapeldunak bildumarekin.

Zer iruditzen zaizu Argazkia.eus?

Ekimen oso polita da, bereziki, argazki bakar bat beharrean proiektu oso bat aurkeztu beharra dagoelako, nahiz eta proiektu bat lantzeko orduan lan handia dagoen atzean.

Pozik saria jasoko duzulako?

Oso pozik! Bigarrenez hartu dut parte; Ikazkin Trail bilduma aurkeztu nuen iaz eta Ointxapeldunak aurten. Iaztik hona argazkigintza egiteko moduan eta teknikan moldaketa eta aurrerapen batzuk egin ditut, eta gustura nago emaitzarekin.

Zelakoa da Ointxapeldunak argazki-bilduma?

Hogei argazkiko sorta da, Arrasateko Ointxe saskibaloi klubak 2024an abiarazi zuen izen bereko proiektuari buruzkoa. Hastapenetatik ezagutzen dut proiektua barrutik, eta asko gustatzen zait; saskibaloia pertsona guztiondako kirola den adierazle esanguratsua da, ezgaitasunen bat dutenek ere parte hartzen dute eta. Ikaragarria da zelako giro alaia eta lagunkoia dugun, orokorrean, taldean, eta sentsazio hori transmititzen saiatu naiz bilduman, ibilbideko entrenamenduetako eta partidetako uneak jasota.

Zer deritzozu beste zazpi proiektu irabazleen inguruan?

Ez dut aukera handirik izan, oraingoz, proiektu guztiak sakon begiratzeko, baina orain arte ikusitakoak asko gustatu zaizkit, eta gogotsu nago zapatuko topaketan beste argazkilariak gertutik ezagutzeko.

Noiztik eta nondik duzu argazkilaritzarekiko zaletasuna?

Aspalditik, baina 2012an Goienaren bidez Aritz Gordorekin egin genuen ikastaroan sartu zitzaidan argazkilaritzaren harra bete-betean barruraino, eta, harrezkero, ia toki guztietara joaten naiz kamera eskuetan daroadala. Kirol kontuak erretratatzeaz gain, kaleko ekitaldietan ere gustura ibiltzen naiz; Aratusteetan, esaterako.

Zer egiten duzu ateratzen dituzun argazkiekin?

Flickr-en dudan kontura igotzen ditut, edozeinek hartzeko aukera izan dezan.

Baduzu esku artean argazkilaritzarekin lotuta beste proiekturik?

Ezer zehatzik ez. Bilduma horrekin gustura ibili naiz lanean, baina ez dut, oraingoz, beste sariketaren batera aurkezteko asmorik, deskantsu txiki bat behar dut. Hori bai, argi daukat argazkiak ateratzen jarraituko dudala, asko gozatzen dut eta.

Angel Ayastuyren Ointxapeldunak bildumako argazki bat.

Zortzi sari banatuko dituzte

Antolatzaileak "pozik" daude hirugarren aldiaren harrerarekin. Bihar, 19:00etan, Arkupe kultura etxean egingo dute sari-banaketa ekitaldia, baina egun osoko egitaraua dute. "10:30ean hasiko da topaketa, eta argazkilari bakoitzak bere proiektua aurkeztuko du. 13:00etan, proiektu irabazleen erakusketan bisita gidatua egingo dugu, Gustavo Bravo komisarioarekin. Ateak zabalik daude guztiontzako".

Zazpi herrialdetakoak

Aretxabaletako Saria jasoko du 2001etik herrian bizi den Angel Ayastuyk, baina, ohi bezala, euskal herrialde bakoitzeko  rabazle bana izango da: Estitxu Ortolaiz (Gipuzkoa); Ivan Martin (Araba); Aitziber Abasolo (Bizkaia); Carmenchu Aleman  (Nafarroa); Marc Gasso, (Lapurdi); Pierre Balacey (Nafarroa Beherea) eta Cristophe de Prada (Zuberoa).

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak