Fagor Ederlanek sortutako beroarekin kiroldegia energia termikoz hornitu ahal izateko lanak hasi dituzte

Aitor Agiriano Arrese 2025eko azaroaren 11

Jose Ignacio Asensio, Amaia Agirre, Maite Pikasarri eta Garikoitz Iturbe. Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia.

Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak, Fagor Taldeak, Fagor Ederlanek eta Aretxabaletako Udalak batera sustatu duten proiektua da. Jarduerak 1,7 milioi euroko inbertsioa du guztira, eta Fagor Ederlanen industria-prozesuek sortutako hondar-beroa berrerabilita, Ibarra kiroldegia energia termikoz hornitzea ahalbidetuko du. 

Urriaren 13an hasi zituzten obrak eta datorren urteko martxoan amaitzea aurreikusten dute. Lan hauek eginda, lehen alferrik galtzen zen energia berokuntza ur bero bihurtuko da Aretxabaletako Ibarra kiroldegian erabiltzeko. 

Proiektuak hiru jarduera nagusi ditu eta lehenengo faseko lanak bisitatzen izan dira Jose Ignacio Asensio, Aldundiko Jasangarritasun diputatua; Garikoitz Iturbe, Aretxabaletako alkatea; Maite Pikasarri, Fagor Ederlaneko Gestio Sistema eta Jasangarritasuneko zuzendaria eta Amaia Agirre, Fagor Taldeko idazkari orokorra. 

Lankidetza publiko-pribatua

Bero-sarearen instalazioa Aldundiko Jasangangarritasun Departamentuak finantzatuko du 700.000 euroko aurrekontuarekin eta Jasangarritasuneko diputatu Jose Ignacio Asensiok proiektuaren izaera eraldatzailea nabarmendu du bisitan: " Proiektu honek industria, berrikuntza eta tokiko konpromisoa batzen ditu, egun galtzen den beroa aprobetxatzea eta herritarrentzat energia erabilgarri bihurtzeko. Trantsizio energetikoa eta ekonomia zirkularra herrietatik eta gure enpresetatik ere eraikitzen dira".

Fagorrek beroa berreskuratzeko sistemak ezarriko ditu bere instalazioan eta 912.000 euroko inbertsioa egingo dute lan hori gauzatzeko. Hala, Fagor Ederlaneko Gestio Sistema eta Jasangarritasun zuzendari Maite Pikasarrik kiroldegiko gas naturalaren kontsumoa nabarmen murriztea ahalbidetuko duela nabarmendu du. Izan ere, Ibarra kiroldegian gaur egun duten energia kontsumoaren gastuan %10-20 bitartean aurreztea ahalbidetuko du proiektuak. 

Bestalde, Aretxabaletako Udalak kiroldegiko azpiestazio termikoa egokituko du, 85.000 euroko ekarpenarekin. 2026an egingo dituzte egokitzapen lanak eta Garikoitz Iturbe Aretxabaletako alkateak erakundeen eta enpresaren arteko lankidetza azpimarratu du: "Hurbiltasun proiektuek udalerriaren ongizatean eta jasangarritasunean benetan nola eragin dezaketen erakusten du".

Ekimenak Eskualdeko Garapeneneko Europako Funtsaren (EGEF) baterako finantzaketa izan du Euskal Autonomia Erkidegoko 2021-2027 Programaren barruan. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak