Hilabete osoko egitaraua aurkeztu du Aretxabaletako Udalak Azaroaren 25aren harira

Koldo Zubia Salas 2025eko azaroaren 3a

Ainhoa Sanchez Berdintasun zinegotzia eta Malena Gonzalez teknikaria, gaur, Aretxabaletako Herriko Plazan.

Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Egunari helduz, hainbat ekintza antolatu ditu Aretxabaletako Udalak. Menopausiaren inguruko tailerra, Gregoria bakarrizketa, harremanen inguruko solasaldia eta liburu aurkezpena iragarri dituzte hain zuzen. Horrez gain, Mugimendu Feministak azaroaren 25erako deitutako elkarretaratzearekin bat egingo du Udalak.

Azaroaren 25a, indarkeria matxistaren aurkako eguna da, eta, ildo horretan, hilabete osoko egitaraua aurkeztu du Aretxabaletako Udaleko Berdintasun Sailak.

Ainhoa Sanchez, Berdintasun zinegotziak azaldu du, legegintzaldiko planaren baitan jasotzen dela Aretxabaleta berdintasunean oinarritutako herri bat izatea, eta, bide horretan dator Azaroaren 25eko egitaraua: "Egun horretan azpimarra jartzen dugu, indarkeriarik gabeko herria nahi dugulako. Horregatik hainbat ekintza antolatu ditugu".

Lau ekintza "herritar guztiendako"

Aurten, lau ekintza antolatu ditu Udalak. "Azaroaren 25eko egitaraua prestatu dugunean, komunitatearen beharrei  erantzutea izan da gure helburua, betiere begirada indarkerian jarrita, baina alde ezberdinetatik jorratuta", azaldu du Malena Gonzalezek, Berdintasun teknikariak.

Hasteko, azaroaren 5, 12 eta 19an, Elikadura menopausian izeneko tailerra eskainiko du Mireia Alberdik, Arkupeko bigarren solairuan, 18:00etan. Menopausian elikadurak, emakumeen bizi kalitatean eragiten du. Tailerrak, ikuspegi feminista batetik, bizitzako etapa horretan osasuna zaintzeko gakoak eskainiko ditu ordu beteko hiru saioetan zehar. Saio guztiak euskaraz izango dira.

Azaroaren 14an, Gregoria bakarrizketa eskainiko du Beatriz Egizabalek. Feminista jaio ala egin egiten da?. Galdera horri erantzun nahiean, feminismoak Egizabalen bizitzan izan duen eragina aztertuko du, pasadizo desberdinen bitartez ikerketa eginez. Birramona, amona, ama, ipuinek, telebistak eta lagun feministen izandako eragina ere aztertuko du, guztia ikuspuntu umoretsu batetik. Bakarrizketa ere euskaraz izango da, Zaraia aretoan, 18:00etan.

Ondoren, azaroaren 20an, Harreman toxikoa ala indarkeriazko harremana? solasaldia eskainiko du Ekua Elkarteak. Harreman osasuntsuak identifikatzeko gakoak eskainiko dira bertan. Arkupeko bigarren solairuan izango da, 18:00etan. Azkenik, azaroaren 26an, leku eta ordu berean, Autodefensa feminista: más allá de aprender a decir no liburua aurkeztuko du Maitena Monroyk, gazteleraz.

Gonzalezek adierazi duenez, programa honekin "herritar guztietara" heldu nahi izan da. "Batez ere, adin zehatzetan identifikatutako problematikei edo beharrei erantzun nahi izan diegu. Gazteen kasuan, harremanetan kezka badagoela ikusi dugu eta horri erantzuten saiatu gara. Bestalde, menopausia tailerrarekin, beste errealitate bati erantzuten saiatu gara".

Azaroaren 25ean, elkarretaratzea

Bestetik, urtero bezala Aretxabaletako Mugimendu Feministak deituta, elkarretaratzea ere egingo da Emakumeenganako indarkeriaren aurkako nazioarteko egunean bertan eta Udalak bat egingo du horrekin. "Udaletik, jendea deialdira gerturatzeko deia egiten dugu, eta, guk ere, deialdi honekin bat egingo dugu", dio Sanchezek.

Azkenik, berdintasunaren bidean, "urte osoan zehar" ari direla lanean azpimarratu gura izan du Berdintasun zinegotziak. "Aurten, berdintasun plana landu dugu behar ezberdinei erantzuna emateko. Jabekuntza eskola ere badago... gaur aurkeztutakoa hilabete bateko plangintza izan arren, honi jarraipena emateko lan egiten dugu", amaitu du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak