Aurten 13 komunitatetako 16 pertsona elkartu dituzte eta azken urteetako ohiturari eutsita Aretxabaletako udaletxean harrera egin zieten joan den martitzenean. Garikoitz Iturbe alkateak esan zien hizkuntzen aniztasuna aberastasuna dela munduarentzat.
Garabideko lehendakari Iñaki Martinez de Lunak eskerrak eman zizkien elkartutako guztiei eta erakunde publikoen arteko elkarlanaren garrantzia azpimarratu zien. Era berean, gogorarazi zuen hizkuntza berreskurapenaren inguruan lanean ari diren munduko hainbat komunitatetako erakundeak indartzea dela ekimenaren helburua eta inspirazio iturri izan daitezkeen esperientziak ezagutaraztea.
Euskal Herrira iritsitako lagunen aldetik Laura Ancavil Txiletik etorritako irakasle maputxeak hartu zuen hitza eskerrak emateko. Ekitaldia bukatzeko, Bësákkò bià Rihòle Ekuatore-Gineako bubiak bere herriko musika tresna batekin erakustaldia egin zuen, harridura handia eraginez.
Hilabete eta erdiz, Aretxabaleta izango dute egoitza hamasei kide horiek, eta handik, Euskal Herriko luze zabalean mugituko dira gizarte eragileek sortutako, zein administraziotik bultzatutako esperientziak ezagutzeko. Besteak beste, bisitatuko dituzte Bizkaiko Euskararen Etxea; Nafarroako zonalde “ez-euskaldunean” dagoen Tafallako Ikastola; eta Nafarroa Behereko Kanaldude komunikabidea.
Horrez gain, ia 100 klase ordu ere jasoko dituzte euskalgintzako aditu eta arituen eskutik.