Urtero errepikatzen diren ekitaldi asko daude sanmigeletan eta herritarrek estimu handian dituzte horiek; kantu afaria, esaterako. Egubakoitzean egingo da, ohi legez, Sei Pistols & Trabuko Bat taldeak lagun eginda eta txartelak egunotan jarriko dituzte eskuragai. Aretxabaletaklik aplikazioaren bidez hartu ahal izango dira aurten, lehenengoz; irailaren 17an, 09:00etan, jarriko dituzte eskuragai 150 txartel.
Ondoren, irailaren 18an, Arkupen izango dituzte beste 350; 18:00etan irekiko dute salmenta eta euro bat ordaindu beharko da kantu liburuaren truke. Itxaron zerrenda ere orduan osatuko dute. Euria eginez gero Iturrigorri pilotalekuan izango da afaria eta han 500 lagunendako dago lekua; baina eguraldi onarekin Herriko Plazan izango da eta kasu horretan beste 100 jarriko dituzte salgai eta itxaron zerrendako kideei jakinaraziko diete.
Egubakoitza beste hainbat ekitaldik girotuko dute Aretxabaletako Erraldoien Konpartsak, gaiteroek lagun eginda arratsalde partean, eta Igotz Mendez buru duen Hofe taldeak gaua.
Gainera, Palestinaren aldeko mobilizazioa deitu dute: Axabalta Palestinarekin, genozidioari stop. Herriko hainbat eragileren babesarekin, herritarrak mugitzera gonbidatu gura dituzte.
Taloak eta dantzak, Loramendirekin
Sanmigeletan hutsik egin ezin duen beste ekitaldietako bat feriak dira. Artisautzaren eta Nekazaritza Ekologikoaren 30. Azoka, eta Bertako Ganaduaren 10. Feria Durana kalean izango dira aurten. Ibai Alberdik eroango du ganadua eta kokaleku berriarekin –Herriko Plazaren azpialdean– gustura agertu da herritarrengandik gertuago egongo delakoan. Feriak iraun bitartean, trikitilariek, txalapartariek eta joaldunek girotuko dituzte kaleak.
Loramendi euskara elkarteak talo txosnaren ardura izango du; azken urteetan legez, Mitarte kaleko lokalean jarriko dute. Taloek ez dute hutsik egingo baina sagardo kupelik ez da izango aurten; hala ere edaririk ez dela faltako adierazi dute.
Eta erromeria giroa sustzeko Eme.ki taldeak dantzan jarriko ditu herritarrak Mitarte kalean, eguerdi partean.
Beinke Loramendi dantza 31.ez egingo da aurten. 80 lagunendako lekua iragarri zuten eta leku guztiak beteta, dagoeneko hasita dantza entseguekin.
Atxabalta Saria
Aurtengo beste berrikuntzetako bat Atxabalta Saria da. Herritar baten ibilbideari aitortza egiteko sortu zen bere garaian eta besteak beste, jaso zuten Joxe San Migel pilota-entrenatzaileak, Joseba Larrinaga kirolariak eta Andoni Zubizarreta atezainak. Hala ere, urte asko pasatu dira azkena banatu zutenetik eta aurten herriko elkarte baten eskariz berreskuratzea erabaki da. Beinke Loramendi dantzaren ostean banatuko dute hori eta orduan jakingo da zeinek jasoko duen.
Kirola ere bai
Kirolak ere izango du lekua jaiotan. Batetik bola-joko txapelketak jokatuko dira zapatuan. Haur eta gaztetxoena 17:00etan izango da, eta helduena, 22:30ean.
Domekarako, ostera, doke txapelketa deitu du Basotxo erretiratuen elkarteak. Komentuko lorategian izango da.
Eta herri kirolen erakustaldia ere izango da eguerdian. Aizkolariak eta harri jasotzaileak elkartuko dira eta iparraldeko jokoak ere izango direla iragarri dute.
Jaiak agurtuko ditu Aretxabaleta Abesbatzaren kontzertuak. Zarzuela ezagunetako piezak abestuko dituzte aurten.
Gune Morea zapatuan
Udaleko Berdintasun Saileko zinegotzi Ainhoa Sanchezek adierazi du "genero ezberdinak" hartu dituztela kontuan jaietako egitarauko ekitaldiak zehazterakoan izan ferian, izan kontzertuetan.
Horrez gain, Gune Morea jarriko dute zapatuan, Mitarte kalean, 19:00etatik goizaldeko 1:00ak arte. Informatzeko, zalantzak argitzeko, edozein gorabehera eta eraso artatzeko gunea izango da: "Han salatu ahal izango da eta gero haiek mugimendu feministarekin eta herriko eragileekin koordinatuko dira".
Hona hemen egitaraua osorik.