Aretxabaletako Tomatearen Egunak tomate-zale asko batu ditu Durana kalean jarritako azokan. Tomatearen lehiaketari dagokionez, gainera, saria herrian geratu da. Karlos Lopezena, Karlote-rena, da-eta aurtengo tomate onena, eta gainera, etxeko tomatearekin, Aretxabaletakoarekin, lortu du nabarmentzea. "Ez genuen horrelakorik espero; lehen urtea zen Aretxabaletako tomatea landatzen genuena, eta, azkenean, etxera eramaten dugu saria. Aldaxka batzuk hartu genizkion Aretxabaletako lagun bati, eta ortuan sartu genuen".
Lopezen esanetan, ez dute apartekorik egin tomate horren ona izateko, baina bistan da lagun batek emandako Aretxabaletako tomatearen hazi horri Arabako lurrak on egiten diola, bertan landatu dute-eta produktu irabazlea.
Joxema Azpeitia legazpiarrak, Hilarion jatetxeko Gabino Yarza arrasatearrak, Uxue Bolinaga oñatiarrak eta Arteaga jatetxeko Maider Larrañaga osatu dute tomate lehiaketako epaimahaia, eta lan dezente izan dute aurretik, 32 ekoizlek ekarritako 64 tomate ezberdin probatu behar izan dituztela, eta klase askotakoak, gainera. Hori bai, gustura egindako lana izan da, produktu ona izan dute-eta esku artean. "Lan pozgarria izan da; azken batean, hemen aurkitzen ditugun tomateak ez dira supermerkatuetan daudenen modukoak", azaldu du Azpeitiak.
Sari gehiago
Karlos Lopezendako izan da lehenengo saria, Aretxabaletako tomatearekin. Bigarren saria, Juan Pedro Santosek eraman du, Tio Vitorino barietatearekin. Eta hirugarren saria, berriz, Jose Lombidek jaso du, Cherry tomatearekin. Lan zorrotza egin dute epaimahaiko kideek; hasieran, zortzi onenak aukeratu dituzte, eta aukeratuen artean onenak zeintzuk diren erabakitzeko, prozesua errepikatu egin dute berriro ere.