292 eguzki-plaka berri jarriko dituzte Arkupen eta Kurtzebarri eskolan

Uxue Arakama 2025ko eka. 4a, 15:30

Aretxabaletako Udalak, Arkupe kultur etxeko eta Kurtzebarri eskolako teilatuetan 292 eguzki-plaka jarriko ditu. Energia-kontsumoa murrizteko eta energia-beharrak iturri jasangarrien eta ekoizpen propioaren bidez betetzearen aldeko apustuari erantzuteko helburuarekin eramango dute hau aurrera.

Arkupeko instalazioari dagokionez, 60 Kw-ko pontentzia izango du, urtean 62.000 Kwh ekoitziko ditu eta kultur etxearen kontsumo osoaren %30 inguru estaliko du. Aretxabaletako Udaleko Hirigintza zinegotzia den Ion Albizu Gonzalezek azpimarratu nahi izan du,  urtarrilean, Arkupeko galdara aerotermiarengatik ordeztu zenetik,  "energia kontsumo denak elektrifikatu" egin direla, hau da, "ez dira energia fosilak erabiltzen". Horri oraingo proiektu hau gehitu ezkero, "kontsumo osoaren -kalefazioa, argia bera...- heren bat, bertako teilatuan ekoiztuko da".

Kurtzebarri Eskolaren proiektuak, berriz, 88kW-ko potentzia izango du, eta eskolaren kontsumo elektrikoaren beharren %120 estaliko du.

Albizuk azaldu du, eraikin publiko guztiak, sare baten parte direla, eta sortzen den energia guztia ere, horren parte dela. Hortaz, soberan geratzen zaien %20 hori, herriko beste eraikin publikoetara bideratuko da, kasu honetan, kiroldegira. Bertara bideratzearen arrazoia, Albizuren hitzetan, "kontsumo handiko eraikina" dela. Hala ere, "garrantzitsuena ez da elektroi horiek nora doazen, baizik eta momentuan ekoizten dena, momentuan kontsumitzea. Hori da efizienteena dena, ekonomikoki eta teknikoki, eta hortara goaz".

Eskolatik, Iker Elexpuru zuzendariak adierazi du proiektua "berri ona" dela, eta "pozgarria guretzako. Azken finean ikusten dugulako Aretxabaletako Udalak dituen oinarri eta printzipioak eskolakoen bide beretik doazela; energia berriztagarrien aldeko apustua egitea eta, gainera, ekoizpena bertan egingo da". Gainera, etorkizunean, erregai fosilak alde batera uzteko eta berokuntza-sistema elektrifikatzeko asmoa ere badute eta horretarako, "oso positibotzat" jo du Elexpuruk proiektua.

Albizu Hirigintza Zinegotziak azaldu du, aipatutako bi eraikinetan jarriko diren plakek energia kantitate handia ekoitziko dutela; "50-60 etxebizitzak urte batean kontsumitzen duten berdina izango da".

Proiektu hau aurrera eramateko inbertsioaren aurreikuspena 182.222 eurokoa da; 86.120 eurokoa Arkupen, eta 96.100 eurokoa Kurtzebarri eskolan. Gainera, hauek jartzeko lanak abuztuan hasiko direla ere aurreratu du.

 

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak