Urtemuga seinalatua ospatu zuten atzo, domeka, Aretxabaletako udaletxe zaharrean. 50 urte betetzen ziren gaur egungo Aratusteetan hutsik egiten ez duen Txino dantza berreskuratu zela, eta domeka egun ezin aproposagoa zela iritzita, omenaldi bat egitea erabaki zuen Loramendi txistulari elkarteak. "Guztia parean suertatu da: igandea izatea, garai hartan izan zirenak animatzea,... Dena alde suertatu zen eta zerbait egitera animatu ginen", adierazi du Loramendi txistulari elkarteko kide den Jokin Antxiak. Txiki gelditu zen udaletxe zaharra, eta ugariak izan ziren omenaldia eraikinaren kanpoan jarraitu behar izan zutenak. Ekitaldia ez da izan antolatutako ekimen bakarra, hilabete bukaerara arte erakusketa bat ikusgai jarri dute eta, Arkupen.
Ramon Eraña gogoan
Berreskurapen lanak izen propiorik izango balu, Ramon Eraña Gallastegirena izango litzateke. Eraña izan zen berreskurapenaren bultzatzaile nagusienetako bat, eta horren bueltan beste hainbat pertsona batu ziren denborarekin. Horien artean aurkitzen dira Juan Jose Garziaetxabe eta Demetrio Iriarte; pausoak, janzkera eta melodiaren transmisioa egin zituen lehenak eta bigarrenak berriz musika. Omenaldia hein batean Erañarentzat ere badela azaldu du Antxiak: "Lehen indarra Ramonen oroitzapena ateratzeko zerbait egin behar zela izan zen, eta horrekin hasi ginen mugitzen".
Lehen parte hartzaileei omenaldia
Erañak 1975eko otsailaren 9ko lehenen saiorako 13 eta 17 urte artean zituzten dantza taldeko hainbat mutiko aukeratu zituen: Luis Mari Ezkurra; Roberto Urteaga; Lorentxo Gorroño; Andoni Altube; Jesus Arregi; Imanol Galfarsoro; Jesus Aizpurua; Migel Perez; Sabin Urreta; eta Ricardo Uribesalgo. Txistua Erañak jo zuen eta haren alboan atabala, Fidel Iturbek. Ondo gogoratzen du egun hura Jesus Arregik: "Guretzat oso gauza polita izan zen". Harrotasun puntu batekin ere bizi izan zuela gogoratzen du: "Dantzan egitea harrotasun puntu bat izan zen. 16 urterekin horrelako gauza batek asko betetzen zaitu. Egun hartatik oso oroitzapen polita dut".
Parte hartzaile guztiak izan zituzten gogoan omenaldian, eta hauek, edo hauen senitartekoak, igo ziren oholtza gainera. Ostean, duela 50 urte egin bezala, kalera irten eta berriro egin zuten Txino dantza. "Oso polita izan da. Hasieran esaten dizutenean pentsatzen duzu, ea agure kuadrilla honek zer egin behar duen, baina gero eguna heldu denean, goizean entsegu txiki bat egin dugu eta esango nuke hainbestean egin dugula dantza, eta pozik gaude", adierazi du Arregik.
Beste 50 urte
Beste 50 baietz izeneko toparekin amaitu zuten omenaldia. Antxia seguru dago Txino dantzak beste horrenbeste iraungo duela: "Fuerte mantentzen den dantza bat da. Uste dugu pixka bat zainduz gero beste 50 beteko dituela, eta bide horretan goaz". Arregi ere ados dago baieztapen horrekin: "Aretxabaletan Aratuste domeka oso potentea da. Txino dantza egiten da lehenengo eta ostean desfilea. Desfileak indar asko du egun, baina baliteke, akaso, desfileak denboraren poderioz indarra galtzea, batek daki. Txino dantzak, kontrara, betirako iraungo duela uste dut".