50 urte bete dira gaur, domeka, 1975ean Txino dantza berreskuratu zenetik. Berreskuratze hori gogoan izateko ekitaldia egin du Loramendi txistulari taldeak Aretxabaletako Udaletxe zaharrean. Txiki gelditu da Udaletxe zaharra, eta jende ugarik kanpotik entzun behar izan du omenaldia. Berreskuratze prozesuaren nondik norakoak izan dituzte hizketagai, baita urteetan zehar izan duen garapena ere.
Ekitaldian zehar behin baino gehiagotan gogora ekarri dute Ramon Eraña Gallastegi, Txino dantzaren berreskuratze prozesu horretan parte-hartze handia izan zuen pertsona. Jarraian, 1975ean dantzan irten ziren mutikoak ekarri dituzte gogora: Luis Mari Ezkurra; Roberto Urteaga; Lorentxo Gorroño; Andoni Altube; Jesus Arregi; Imanol Galfarsoro; Jesus Aizpurua; Migel Perez; Sabin Urreta; eta Ricardo Uribesalgo. Hauekin batera txistua jotzen ibili zen Eraña eta haren alboan atabalarekin izan zen Fidel Iturbe ere omendu dituzte.
Ekitaldia amaitutakoan, urte hartan dantza egin zutenak edo hauen senitartekoak kalera irten eta Txino dantza egin dute Aretxabaletan barrena. Ekitaldia "beste 50 baietz" izeneko toparekin amaitu dute.