Ez da ezagutzen dantzaren jatorria, ezta esanahia ere. Baina Aretxabaletan ez dago Aratusterik Txino dantzarik gabe azken 50 urteetan. Izan ere, 1975eko otsailaren 9an berreskuratu zuten, urte askoan egin barik egon ostean. Urteurren horrekin akordatu dira Loramendi txistulari taldeko kideak, eta hura gogora ekarri eta ospatzeko aitzakia polita topatu dute. "Orduan legez, aurten ere egun hori domeka izango da. Eta erabaki genuen ezin genuela eguna pasatzen utzi ezer egin barik", azaldu du Jokin Antxia txistulariak.
Lagunarteko ekitaldi "xumea"
Txino dantza, bere historia izena jarri dioten ekitaldia egingo dute domekan, hilaren 9an, 13:00etan, udaletxe zaharrean. Asmoa da orain dela mende erdi dantzan egin zuten mutil haiek elkartzea eta sasoi hartako kontuak gogora ekartzea. Bukatzeko, Beste 50 baietz! topa antolatu dute Durana kalean. "Ekitaldi xumea izango da. Dantzan egindako hamarreko hura identifikatzea zen asmoa, eta, behin hori eginda, deialdia bidali diegu; dantza, musika eta bestelakoak izango ditugu hizpide haiekin, lagunartean. Eta dantzatzera ere animatuko dira, seguru asko", dio Antxiak. Entsegurik ez dute egingo aldez aurretik, baina horren beharrik ere ez dela izango dio.
Aurretik, astelehenean, 40 bat argazkirekin osatutako erakusketa zabalduko dute Arkupe kultur etxean, eta hilabete osoan egongo da ikusgai: "Lehenengo urte hartakoak izango dira bospasei, eta gainerakoak, ondorengokoak. Egon argazki mordoa dago, baina aukeraketa bat egin dugu".
Dantza taldetik kintoetara
XX. mende hasieran dantzan egiten zela jakinekoa da, adineko hainbat herritarrek etxean entzuna dutelako Aratusteetan harizko kamisoiak jantzi eta txin, txin egiten zela dantza; orduan, orain moduan, kintoen kontua izan ohi zen. Nondik datorren eta zein esanahi duen ez dago garbi. Batzuek diote zenbait dokumentutan agertzen denez mendian ikatza egiten zebiltzanek dantzatzen zutela, eta horregatik belztutako aurpegiak. Dantza kontuetan adituak direnek azaldu izan dute Bergara eta Antzuola aldean sortutako sorgin dantzaren aldaera bat izan litekeela.
36ko gerrak Aratusteak eten zituen, eta horiekin batera Txino dantza ere bai. Eta ondoren etorri zen diktadura garaian, ospakizuna zein dantza debekatuta egon ziren.
70eko hamarkadaren hasieran ohitura zaharra berreskuratzeko ahaleginetan hasi ziren aretxabaletar batzuk. Loramendi dantza taldeko Ramon Eraña izan zen bultzatzaile nagusienetako bat, eta horren bueltan beste hainbat elkartu ziren: Juan Jose Garziaetxabek pausoak, janzkera eta melodiaren transmisioa egin zituen eta Demetrio Iriarte txistulari eta konpositoreak, musika. Dantzaren doinuak hitzak ere bazituen, baina gazteleraz ziren horiek, eta Erañak euskarara itzuli zituen: Txin, txin, txin, txin, mahatsa heldu gabe dago; txin, txin, txin, txin, baina helduko da; Txiribito ta Andrea, joan ziren jatera, Txiribitok hasarretu ta bota zuen lapiko.
Dantza taldeko hamar mutiko elkartu zituen Erañak lehenengo saio hartarako; 13 eta 17 urte artean zituzten honako hauek izan ziren hautatuak: Luis Mari Ezkurra; Roberto Urteaga; Lorentxo Gorroño; Andoni Altube; Jesus Arregi; Imanol Galfarsoro; Jesus Aizpurua; Migel Perez; Sabin Urreta; eta Ricardo Uribesalgo. Txistua Erañak berak jo zuen eta haren alboan atabala, Fidel Iturbek.
Sasoi bateko janzkerari kasu egin zioten, eta halaxe jantzi ziren: ehunezko tunika zuria, buruan kapela edo zapi koloretsu bat, hanka bakoitzean galtzerdi ezberdina eta abarkak edo alpargatak. Aurpegi-inguruak, ostera, ikatzez zikinduta. Halaxe, 40 urteren ondoren, Txino dantza kalera itzuli zen, eta herritarren artean ikusmin handia sortu zen.
Dantza lizuna
Aurrerago, kintoek berreskuratu zuten dantzan egiteko ardura; soldadutzara joatekoak ziren mutilek, hain zuzen ere. Eta 1998an emakumezkoak ere hasi ziren dantzan parte hartzen, nahiz eta 2008a arte kinto mutilen taldera ez batu.
Janzkerak legez, dantzak ere ez du izan aldaketa handirik urteotan: lehen zatian, bi ilaratan banatuta salto txikiak ematen dituzte, altxatzen duten hankaren aldeko eskua ere jasota, hatz erakuslea goian dela; beste eskua, ostera, bizkarrean izaten da. Bigarren zatia geldi dantzatzen da, aurrez aurre jarrita. Bikoteek elkar agurtzen dute eta zirikatzeko keinuak egin: parekoari soinekoa jasotzen eta bularraldea ukitzen ahalegindu, esaterako, eta besarkada batekin bukatu. Hain zuzen ere, azken mugimendu horiek direla eta, lizuntzat jo izan da dantza. Ibilbidearen bukaeran fandangoa eta arin-arina dantzatzen zituzten sasoi batean.
Transmisioari eutsi
Berrogeita hamar urteren ostean, ohiturak osasuntsu jarraitzen du, eta ezinbesteko dantza da Aratuste-domeka eguerdian ospakizunei hasiera emateko. Hogei kinto elkartzen dira horretarako –aurten, 2006an jaiotakoak– Udalak gordeta izan ohi duen soinekoarekin jantzita. Aratuste-martitzenean, ostera, ikastetxeetako neska-mutikoek egiten dute dantza hori Herriko Plazan –eguraldiak laguntzen duenetan–, transmisioa bermatze aldera. Batzuendako "huskeria bat" dena beste batzuendako "altxorra" da, besteak beste Aretxabaletan bakarrik dantzatzen delako. Eta herritarrek ez dute ehun urtetik gora dituen tradizioa galtzen uzteko asmorik.
Jesus Arregi Bengoa: Dantzari ohia
Loramendi dantza taldeko kidea izan zen, eta lehenengoz dantza egin zuen hamar lagunetako bat da. 16 urte zituen orduan, baina ondo gogoratzen du egun hura.
Ramon Erañaren esanetara dantzan zeniharduen zuk?
Bai, Loramendi dantza taldea lehendik zetorren, baina nik uste dut indarra galtzen ari zela, orduko partaideen adinagatik edo. Ramon Erañak bultzatu zuen taldearen indarberritzea, neskatila-mutiko gazteak animatuz.
Zelan oroitzen duzu egun hura?
Dantza taldean izan nintzen urteen oroitzapena oso polita da; baina Txino dantzarena, bereziki. Batetik, dantzaren berreskurapena zelako, eta horrek nolabaiteko protagonismoa eskaintzen zigun; eta, bestetik, dantzagatik beragatik: ez zen teknika zaindu behar, ia ez zen ikasi eta entseatu beharrik, zati batzuetan inprobisatu ere egiten zen pixka bat… Aratuste giroa bistakoa zen. Guretzat transgresio txiki bat bezala zen.
Zelan hartu zuten herritarrek?
Aretxabaletan Aratuste-igandeak indar handia hartu zuen hasieratik, eta horretan Txino dantzak egin zuen bere ekarpena. Jendeak oso ondo hartu zuen eta janzkera eta abar lagungarri izan zirela uste dut. Gizarteak garai hartan askoz ere gehiago zaintzen zituen formak eta itxurak esparru horietan, eta Txino dantzak erabat hausten zuen hori. Aratustea zen!
Ordutik asko aldatu dela esango zenuke?
Ez zait iruditzen aldaketa handirik egin duenik eta horren beharrik duenik ere. Agian, protagonismoa galdu du, ondoren izaten den desfileak indar handia duelako, baina zalantzarik ez dut iraungo duela osasuntsu.
Altxor txiki bat da?
Bai, zalantza barik. Horrelakoak herri baten idiosinkrasiari forma ematen diote, bereizgarriak dira, aingura modukoak. Urteen buruz, agian, desfileak indarra galduko du, baina orduan ere, Aratuste-igandeko 12:00etan Txino dantza egingo da, arratsaldean Santa Ageda neska-mutilek dantzaldia egingo dute, eta jendeak jakingo du Aratuste garaia dela.
Ramon Eraña, bultzatzailea
Ramon Eraña Gallastegi (Aretxabaleta, 1950-2015) kultur eta kirol eragilea izan zen, eta herriko ekimen askoren sustatzaile. Txistularia eta dantzaria, besteak beste, Loramendi Dantza Taldea zuzendu zuen, eta haren ekimenez berreskuratu zen Txino dantza. "Pena da gure artean ez egotea; hari entzundakoak kontatuko ditugu", dio Jokin Antxiak.