Astelehenean, Aretxabaletan suzko arma batekin beste bi gizonezko zauritu zituen 39 urteko gizonezkoa espetxeratzeko agindua eman du epaileak. Atxilotuari giza hilketa eta armak legez kanpo edukitzea leporatu dizkiote; izan ere, Ertzaintzak egindako ikerketan eta ondorengo miaketan suzko armak, aire konprimatuko armak, arma zuriak eta lehergailuak egiteko erabili ohi diren substantziak aurkitu dizkiote.
Herrian, gertatutakoari bueltak ematen jarraitzen diote, eta herritarrak oraindik sinistu ezinik dabiltza. Festa amaituta zegoela, istiluak izan ziren herriko taberna baten kanpoaldean, eta 39 urteko gizonezko aretxabaletar batek tiro egin zion lagun bati, eta larri zauritu zuen. Zoritxarrez, ondoan zegoen bigarren pertsona bati ere jo zion balak.
Gaur, atxilotutako aretxabaletarra epailearen esku utzi dute, atzoko eguna Zumarragako Ertzain Etxean igaro ondoren. Liskarrean zauritutako arrasatearrak, Gasteizko Txagorritxu ospitalean jarraitzen du, eta beste zauritua, arrasatearra baita, Debagoieneko ospitalean artatu zuten, eta gaur alta jaso du. GOIENAk jakin duenez, Gasteizen ingresatuta dagoen erasotua arriskutik kanpo dago.
Bestalde, Aretxabaletako Udalak ere gertatutakoa harriduraz jaso zuen, eta elkartasuna adierazi nahi izan zien ohar bitartez inplikatuta dauden familia guztiei. Hona hemen, oharra: "Gaur gauean gertatutakoaren harira, Aretxabaletako Udaletik gure kezka adierazi nahi dugu. Era berean, zauritutako pertsonei eta familiei gure elkartasuna adierazi nahi diegu eta lehenbailehen sendatzea espero dugu. Azkenik, argi utzi nahi dugu, gure herrian ez ditugula horrelako gertakari edo jarrerak onartuko”.