Aretxabaletako Udal Gobernuak "zentzuz eta arduraz" jokatzera deitu ditu herritarrak

Maialen Santos 2021ko abu. 12a, 11:49

Aretxabaletako Udal Gobernutik adierazi dute Andramaixetako jaiak "bertan behera" geratu direla, eta herritarrei eskatu die zentzuz eta arduraz jokatzen jarraitzeko. Ohiko programaziorik egongo ez bada ere, formatu txikiko ekintza kultural ugari prestatu dituzte.

"Tamalez, bigarren urtez jarraian, ezin dira Andramaixak ospatu. Guztion gogoa da elkartzea eta jaiak behar den bezala ospatzea, baina zoritxarrez egoerak oraindik ez du bermatzen segurtasunez egin ahal izatea. Egoera hau luzea eta gogorra izaten ari da, baina beharrezkoa da zuhurtasunez jokatzen jarraitzea, orain arte lortutakoa alferrikakoa izan ez dadin. Ezin gara erlaxatu birusak gure artean indartsu jarraitzen duen bitartean”, azpimarratu du Udal Gobernuak.

Honen aurrean, "erantzukizuna, zentzutasuna eta konpromiso indibidual zein kolektiboa" eskatu dute, indarrean dauden prebentzio arauak uneoro errespetatzeko. Pilaketak ekidin behar direla eta kalean edatea debekatuta dagoela ere ekarri dute gogora, gainera.

Jende pilaketak saihestu guran

Aldi berean, inguruko herrietako biztanleei egun horietan Aretxabaletara ez gerturatzeko eskaera egin diete, jende pilaketak eta ospakizun alternatiboak ekidite aldera. "Espero dugu 2022an jaiez gozatu ahal izatea", gaineratu du Udal Gobernuak.

Bukatzeko, azpimarratu nahi dute jaietako ohiko programazioa bertan behera geratu bada ere, horren ordez hainbat ekintza kultural prestatu dituztela, ekaina eta uztailean kalean egin direnen tankerakoak. Guztiak formatu txikikoak izango dira eta indarrean jarraitzen duten segurtasun neurriak mantenduta egingo dira; besteak beste, edukiera mugak, maskarak, eta distantziak. 

Egitaraua osorik

Musika, familientzako ikuskizunak eta haur eta nerabeei zuzendutako ekintzak antolatu dituzte Udaletik.

Abuztuak 14, zapatua

  • 13:00 Gerard Morenok, Jordi Margalefek eta Pere Domenechek osatzen duten Habana Vieja taldearen kontzertua, herriko plazan.
  • 18:00 Erre Produkzioak konpainiaren Magi Klown 2 ikuskizuna, Kurtzebarri Eskolako kantxan.
  • 18:30 Gazteen break dance lehiaketa, rap kontzertua eta dantza erakustaldia, Arlutzeko kantxan.
  • 20:00 Ainhoa Egiguren (ahotsa), Sergio Villar (gitarra), Manu Gestido (baxua) eta Gustavo Gonzalez (bateria), Noa & The Hell Drinkers blues eta rock talde donostiarraren kideak.

Abuztuak 15, domeka

  • 13:00 Nafarroako Milagro herriko udal musika banda, herriko plazan.
  • 18:00 Eriz Magoa, Kurtzebarri Eskolako kantxan.
  • 20:00 Golden Apple Quartet laukote donostiarra, herriko plazan.

Abuztuak 16, astelehena

  • 10:00 Leintz Bailarako 82. Txirrindulari lasterketa, UDAk antolatuta. Helmuga Araba ibilbidean egongo da. 
  • 18:00 Jolas tradizionalak eta herri kirolak Kulki proiektuaren eskutik, Arlutzeko kantxan.
  • 20:00 Arantza eta Pantxoren kontzertua, herriko plazan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak