Herriko artistek izango dute tokia herrigunean, ezohiko Andramaixetan

Maialen Santos 2021ko abu. 12a, 09:32

Kontzertua txosnagunean 2019an, pandemia aurretik.

Koronabirusaren eraginez, ez da ohiko Andramari jairik izango. Edozelan ere, asteburuari kolorea emateko kultur egitaraua antolatu dute Aretxabaletako Udaletik. Gazte mugimenduko kideek ere antolatu dituzte ekintzak; herrigunea jarriko dute –txosnagunea beharrean– eta herriko artistei egingo diete tokia. 

"Bereziki herriko artistei egin gura izan diegu tokia egitarauaren baitan, pandemiak orain artean euren jarduna baldintzatu duelako", azaldu du Miren Antxia gazte mugimenduko kideak. 

Bihar, egubakoitza, hasi eta astelehenera arte ekintza ugari egingo dituzte horretarako atontzen ari diren tokian, herrigunean. Kontzertuak ere egunero izango dira, eta batzuetarako, emanaldiaren aurreko egunean hartu beharko dira sarrerak, debalde. 

Edukiera mugak eta segurtasun neurriak une oro errespetatu beharko dira, eta esan dutenez, gehienera jota 150 lagun egon ahal izango dira gune horretan. Horretarako, 25 mahai jarriko dituzte, eta bakoitzean sei pertsona elkartu ahal izango dira. Azkenik, herrigunea ekintzak irauten duten bitartean izango da zabalik; hori bai, gehienera jota gauerdiko 12etan itxiko dute. 

Aldarrikapen ugari

Egitarauaren baitan aldarrikapenerako tarterik ere izango dela esan du Antxiak: "Ez dugu juergara lotutako zerbait egin gura izan; bai, ordea, gazteen aldarrikapenei tokia egin". Eta gehitu: "Neska gazteek zein gazte mugimenduak egingo ditugu mobilizazioak, izan ere, gazte moduan kriminalizatu egin gaituzte. Erakutsi gura dugu badaukagula ardura soziala, eta prest gaudela pandemiari aurre egiteko". 

Egitaraua, osorik

Abuztuak 13, egubakoitza

  • 17:00 Jaso zure kamiseta
  • 18:00 Hasiera ekitaldia
  • 19:00 Bertso-trama
  • 21:00 Kontzertua: TRIGGER
  • 22:00 Pintxada kolektibua

Abuztuak 14, zapatua

  • 12:00 Marianito pintxada
  • 16:00 Bingo musikatua
  • 18:00 Aurkezpena: Zer diogu gazteok?
  • 19:30 Kontzertuak: Peio eta Irene
  • 21:30 Kontzertua: Virgin Mary DJ Set

Abuztuak 15, domeka

  • 12:00 Umien jolasak
  • 17:30 Mahai-ingurua: Gune Autogestionatuak
  • 19:30 Kontzertua: Txerrikumeak
  • 21:00 Kontzertua: Oihu
  • 22:30 Kontzertua: Jasan

Abuztuak 16, astelehena

  • 12:30 Mural margoketa: Gari Atxabaltara
  • 17:00 Karta jolasak: Pintxito txapelketa
  • 19:00 Mobilizazioa: Neska* Gazteok oraina eraikitzera goaz
  • 20:00 Kontzertua: Gusilu & Liza Hemen Gaz

Abuztuak 17, martitzena

  • 19:00 Itxiera ekitaldia: Gazteok oraina eraikitzera goaz

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak