Ibarra futbol zelaiko argiztapena Led argi sistemagatik ordezkatuko du Aretxabaletako Udalak datozen hiru hilabetetako epean, argindarraren kontsumoan %56,60ko energia aurreztuz. Tecuni enpresari esleitu dizkie lanak. 56.900 euroko kostua izango dute, BEZa kontuan hartu gabe. Prezioa 2020ko aurrekontuen kontura ordainduko du Udalak. Inbertsio honi laguntzeko, Energiaren Euskal Erakundearen diru-laguntza programara aurkeztuko da.
Ibarrako zelaiaren egungo argiteria 19 metroko lau dorrez osatuta dago, eta bakoitzak sei proiektore ditu. Ekipamendu horren ordez, 16 led proiektore jarriko dira, dorre bakoitzean lau. Guztira, 24 kilobatioko gastua ekarriko dute, energiaren kontsumoa %57an jaistea lortuz. Mantentze lanetan ere aurreztuko dutela adierazi du Unai Elkoro alkateak, "fokuak sarri erretzen direlako".
Argiek bizitza erabilgarri luzeagoa izango dute, baita sei eszena edo posizio desberdin jartzeko erregulazio sistema ere, entrenamenduek eta partidek eskatzen duten beharrei erantzun zehatza emateko. Gastu horrekin urtean 7.000 euro baino zertxobait gehiago murriztea aurreikusten du Udalak, baina batez ere kontsumoaren beherakadan ikusten du abantailarik handiena.
LED sistema, herriko 800 argi-puntuk
Bestalde, LED argiteria sistema azken lau urteetan asko garatu dela adierazi du alkateak, orduan askoz zailagoa izango zelako Ibarrako argiteria aldatzea, energiaren hozte-sistema bat instalatu beharko luketelako. Baina egungo teknologiak ahalbideratzen omen du pixkanaka herri osoa LED sistemara pasatzea. Hori horrela, Aretxabaletak dituen 2300 argi puntutatik 800 baino gehiago berriztu dira: foku zaharrenak eta energia gehien kontsumitzen zutenak. Emaitzak agerikoak direla aipatu du alkateak: "Duela lau urte 130.000 euro inguruko kostua eragiten zuen herriko argiteriak; gaur egun, berriz, 90.000 euro baino gutxiago".