ALBISTEAK

"Bizipozari" eusteko ekitaldiak Gabonetan

Mirari Altube Arrese 2020ko abe. 11a, 08:49

700 bat umek gutun bana jasoko dute etxean ezusteko batekin; Olentzerori eta Mari Domingiri bidaltzeko postontzia jarriko dute Arkupen. Neguko azokak ez du hutsik egingo, "moldatuta" etorri arren, eta Aretxarteko kideek egutegiak oparituko dituzte.

Ezohiko Gabonak izango dira aurtengoak, baina pandemiaren aurrean "amore eman barik ilusioari eusteko" gertatutako egitarauaren berri eman dute udal ordezkariek eta Aretxarte merkatarien elkarteko kideek. "Desberdinak izango dira, baina ospatuko ditugu. Horretarako, gaur egungo egoerara egokitu da programa", adierazi du Unai Elkoro alkateak.

Kanpainari hasiera eman dio, beste behin, herrian kontsumitzera gonbidatzeko iragarkiak. Brianen bizitza filma hartu dute oinarri, oraingoan, AZ Visual Mediako kideek. "Bi aukera genituen: tristea egitea, mezu tetriko batekin; edo umoretik jo eta alaitasuna eta bizipoza eragingo dituen zerbait egitea. Argi dago zein hautatu dugun", adierazi du Mikel Alberdi kideak.

Alkateak ere herriko saltokietan erostera gonbidatu ditu aretxabaletarrak, eta hori sustatzeko 20+10 bonuak atera dituzte: 1.000, hain zuzen ere –iaz baino 600 gehiago–. Horiek guztiak hiru egunean agortu ziren.

Olentzero eta Mari Domingi

Desfilerik ez da izango aurten, baina umeek izango dute ezustekorik: "Olentzeroren eta Mari Domingiren partetik gutuna jasoko dute 10 urtetik beherako neska-mutiko guztiek, ezustekoren batekin eta guzti", azaldu du Ainhoa Cabero Kultura zinegotziak. Hilaren 16tik 23ra bitartean jasoko dituzte horiek etxean; gainera, egun horietan postontzia jarriko dute Arkupen, Gabonetako pertsonaia horiei gutunak bidali ahal izateko.

Neguko azoka hilaren 19an

Neguko azokak ez du hutsik egingo, hilaren 19an izango da, baina moldatu egin behar izan dute formatua, Caberok azaldutako legez: "Karpa bakarrean ezin ditugu jarri hainbeste postu". Durana eta Mitarte kaleetan banatuta, 25 artisauren bueltan izango direla aurreratu du.

Erakusleiho lehiaketa ere egingo da, eta berritasunak daude aurten: bi sari banatuko dituzte. Lehenengoak 300 euro jasoko ditu eta bigarrenak, 150 euro. Bigarren hori herritarrek hautatu ahal izango dute; eta parte hartzaileen artean 50 euroko bonua zozketatuko dute.

Aretxartek, egutegia opari

Aretxarte merkatarien elkarteak ere eskaintza politak ditu herritarrendako, Idoia Elexpuruk azaldu duenez: "Egutegia oparituko diegu bezeroei, eta azken asteotan banatzen jardun dugun poltsa batzuk ere baditugu oraindik emateko. Urteroko zigiluen kanpaina ere abian dago. 50 euroko 38 bonu zozketatuko ditugu, eta 200 euroko bat. Tabernariek ere hartuko dute parte".

Abenduko ekitaldiak

Hona hemen hurrengo egunetako ekitaldiak.

Abenduak 11

• 19:00 Bertso jaialdia: Uxue Alberdi, Aitor Sarriegi, Oihana Bartra eta Iker Zubeldia. Gai-jartzailea: Amaia Agirre.

Abenduak 13

• 17:00 Kantu Kolore: Ametsen urtebetetzea.

Abenduak 17

• 19:00 Oreka TX: Koklea.

Abenduak 19

• 20:00 Organo emanaldia: Aitor Olea. Parrokia.

Abenduak 20

• 19:00 Kabareta (Andoni Mutiloa): Esnatu naiz.

Abenduak 26

• 16:30 eta 19:00 Antzerkia (J. Plazaola eta A. Garmendia): Losers.

Abenduak 29

• 19:00 Gospela (The Upper Room): Goiko gela.

Abenduaren 30a arte

Erakusketa aretoan Itzal Zubillaga Alberdiren argazki-erakusketa: Eskuen hitzak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak