ALBISTEAK

Ordutegi murrizketa kentzeko neurria ez dago indarrean

Imanol Beloki Unamuno 2020ko mai. 18a, 16:16

Alarma egoeran ezarritako ordutegia 10.000 biztanletik beherako herrietan kendu egingo duela adierazi du Espainiako Gobernuak, eta neurriak eragin zuzena izango du Hego Euskal Herriko udalerri ugaritan, Aretxabaletan, esaterako. Edozein kasutan, BOE aldizkari ofizialean argitaratzen den momentuan sartuko da indarrean neurria, oraingoz ez dago.

Lehen, soilik, 5.000 biztanletik beherako udalerrietan bizi zirenek ez zuten ordutegirik, baina, orain, beste 36 udalerritako biztanleak irten ahalko dira nahi duten orduan paseatzera edo jarduera fisikoa egitera, eta erosketetarako, lanera joateko eta abarretarako ez dago ordutegi mugarik. 

Neurriak, Debagoieneko herri bakarrean izango du eragina, Aretxabaletan. Unai Elkoro bertako alkateak ordutegiak malgutzea begi onez ikusi du, eta "norbera egokitzeko eta jende pilaketak ekiditeko" eman beharreko urratsa izango dela adierazi du.

Zer bai eta zer ez

Bestalde, EAErako orokorrean, hainbat berrikuntza ekarri ditu gaurko egunak. Esaterako, indarrean dago gaurtik aurrera euskal herritarrak egoitza finkatuta duten lurralde historikoan zehar mugitu ahal izatea. Eta, bigarren etxebizitzara ere joan ahal izango da, etxebizitza probintziaren barruan badago.

Taldetan batzeari dagokionez, berriz, Ertzaintzaren webguneak jasotzen duenez, etxebizitzetan familiakoak, soilik, batu daitezke, eta 10 pertsona gehienez. Aldiz, lagun taldeak ezin dira batu, ez etxebizitzetan, ezta gazte lokaletan, txokoetan, edota elkarte gastronomikoetan ere.

Denden kasuan, orain arte 400 metro koadro baino gutxiago zituzten dendak ireki zitezkeen, baina gaurtik 400 metro koadro baino gehiago dituzten merkataritza-establezimendu eta lokalek ere ireki ahalko dituzte ateak. Betiere, sarrera-irteeretarako ateek zuzenean kalera ematen duten kasuetan

Ehiza eta kirol-arrantza dira gaurtik aurrera baimendutako jardueretako beste bi.

Espainiako Gobernuaren asmoa da maskaren erabilera zabaltzea, eta iragarri duenez, datozen egunetan argitaratuko du gaiaren gaineko xehetasunak jasoko dituen agindua. Maskaren erabilera banakako prebentzio neurri gisa zabaltzea da hain justu ere Urkullu lehendakariak Sanchez presidenteari deseskaladan aurrera egiteko helarazitako bost proposamenetako bat.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak