Aurtengo egitarauan hainbat nobedade nabarmentzen dira. Esaterako:
- Abuztuaren 14an, ur puzgarriak eta Bidasoako erraldoi eta buruhandien konpartsa izango dira.
- Abuztuaren 16an, euro bateko txartelak banatuko dituzte ekintzetan parte hartzen duten haurren artean, herriko hainbat gozoki dendetan gastatzeko ondoren.
- Abuztuaren 17an, animaliekin jolasak aurreratu egingo dituzte, sokamuturrarekin kointziditu ez dezaten. Eta beste urte batzuetan egin izan den ekintza bat berreskuratuko dute: suzko zezena.
Zirku txikia; galtzontzilo, kulero eta tanga lasterketa; Leintz Bailarako 80. Txirrindulari Lasterketa; Potxin eta Patxin pailazoak; herri bazkaria; koadrilen arteko jolasak… hainbat eta hainbat ekintza izango dira bost egunetan.
Egitaraua osatuta eta beharrezko azpiegiturak muntatzeko lanetan murgilduta, ondo pasatzeko gogoz dagoen orori jaietarako gonbidapena luzatu diote Aretxabaletatik. Eta garbi utzi dute, era berean, ez dutela eraso sexista, arrazista eta homofoborik onartuko; martxan egongo da horien kontrako protokoloa.
Jaien aurrekontua 85.595,15 euro da.