Andramaixak 2017: Jose Antonio Garciak jantzi du txapela

Leintz Bailarako 79. Txirrindulari lasterketa ospatu dute gaur Aretxabaletan, 23 urtez azpiko eliteko ziklisten parte hartzearekin. Kantabriako Gomur taldeko Jose Antonio Garcia izan da irabazlea, sprint batekin bukatu den lasterketan. Euskadi Fundazioko Mikel Alonso izan da bigarrena, eta hirugarrena, berriz, talde bereko Jose Antonio Lopez-Cozar.

Goizeko hamarretan abiatu dira txirrindulariak Durana kaletik, 115 kilometro zeuzkatela aurretik. Afizionatu mailako 150 txirrindularik baino gehiagok hartu dute parte gaurko hitzorduan. Leintz Bailara osoan zehar egin dute ibilbidea, eta Leintz Gatzagako igoera izan da zatirik gogorrena.

Bada, hainbat itzuliren ostean azkenengoz Aretxabaletan sartu direnean Garcia eskapatuta zetorren, baina hogei bat txirrindulariko taldeak gertutik jarraitzen zuen Gomur taldeko ziklista. Hala, Durana kalean sprinta izan da ikusleen gozamenerako, eta maillot arrosaduna gailendu da azkenik. Bigarrena zein hirugarrena, berriz, Euskadi Fundazioko txirrindulariak izan dira; Mikel Alonso eta Jose Antonio Lopez-Cozar, hurrenez hurren.

Hain zuzen, Euskadi Fundazioa izan da taldekako sailkapeneko irabazlea.

Bailarako txirrindularirik onenaren saria Polartec taldeko Iker Eskibel eskoriatzarrak jaso du Aretxabaletako alkate Unai Elkororen eskutik.

Udako kriteriuma

Gaurko proba Udako Kriteriuma osatzen duten hiru lasterketetan azkena izan da; beraz, txapelketa horretako irabazlea ere Aretxabaletan erabaki da: Lizarte taldeko Sergio Samitierrek jantzi du txapela.

Debagoieneko albiste garrantzitsuak edo azken ordukoak telefonoan jaso gura dituzu?

  • Bidali ALTA 688 69 00 07 zenbakira Whatsapp bidez.
  • Batu zaitez Telegrameko @GoienaAlbisteak kanalera.