Inauguratu berri den skate parkea, hasiberriendako aproposa dela jakinarazi du Arraska skate taldeko Aitor Akizuk. Kaleko estiloa duen skate parkea da, 500 metro karratu ingurukoa, eta kaxak edo kaxoiak, eskudelak eta enborrak ditu, besteak beste.
Goizeko inaugurazio ekitaldian trebakuntza saioa egin dute: "Arrapaletatik zelan jaitsi, eskudeletan zelan ibili eta beste hainbat trikimailu erakusten gabiltza", adierazi du Akizuk. Materiala ere eurek eraman dute, proba egin gura zuen edonori uzteko. Arratsaldean, berriz, ikasitakoa praktikan jartzeko aukera izango dute, txapelketen bitartez: "Hainbat kategoria zehaztuko ditugu, eta sari asko banatu", gaineratu du Akizuk.
Emaitzarekin gustura
Kalitatezko parkea dela jakinarazi du Akizuk: "Ondo dago benetan, aspaldian hain parke onik ikusi gabe geunden", eta gaineratu du: "Parke batek ez dauka zertan handia izan. Hobe da neurrikoa izan eta ondo egindako lau gauza eduki".
Contratas Fer enpresak egin ditu lanak eta ia 80.000 euroko kostua izan du. "Diru gutxiago geneukan aurreikusita baina proiektua egiterakoan hainbat lagun gerturatu zitzaizkigun esanaz ez egiteko u itxurako ohiko parke bat. Arkitektoak bere aldetik diru gehiago bideratzeko aholkatu zigun parke itxurosoa egiteko, eta Aldundiaren diru-laguntza bati esker egin dugu", jakinarazi du Unai Elkoro alkateak. Eta emaitzarekin gustura agertu da: "Ingurua txukuntzea geratzen da oraindik, lurra landu eta hazia botatzea belarra hasteko, eta hori egindakoan polita geratuko da". Gazteek jakinarazi diote argi gehiago behar duela inguruak iluntzen duenean: "Aztertuko dugu eskaera, baina gau guztirako behintzat ez dugu jarriko argirik".