Sistema aldaketak atzerapenak izan ditu. Azken horien arrazoia da Cespa enpresarekin, zerbitzua ematen duen enpresarekin, adostasunera iritsi nahia langileengan ahalik eta eragin txikiena izateko.
Edukiontzien kokapenagatik, bizilagun batzuen zenbait kexa iritsi dira udalera. Alkateak kasu horiek aztertu egingo direla jakinarazi du, aldi berean, aldaketa handirik egingo ez dela gaineratuz. Industrialdeetan, ostera, ez da izango aldaketarik; orain arte legez pasatuko dira hondakinak jasotzera. Eta komertzioetan kartoia eta hondakin organikoak atez ate jasoko dituzte.
Sistema berriarekin, Udalak %80tik gorako birziklatze tasa mantendu nahi du, aldi berean, hondakin ezberdinen nahastea ekidinez.
Birziklatze-tasari eutsi
Elkororen esanetan, sistema berriarekin "birziklatze-tasei eutsi" egingo diete herritarrek: "Gainerako herrietan emaitza onak dituzte; hortaz, gurean zergatik ez?". EH Bilduk ere "%80tik gorako sailkatze-tasari eusteko helburua" gogorarazi du, eta sozialistek "birziklatze-maila hobetzeko" dei egin die herritarrei.