Tourmalet mendate mitikoa gurpil bakarraren gainean igo ondoren, Uriartek badu erronka berria beraz. Guinness World Record marka hausteko, ordea, 24,2 kilometroak gainditu beharko ditu. Erronka, oraingo honetan, abiadura izango da. Tourmaletekoa iraupen luzeko proba izan zen, eta orduko errekorra hautsi nahi badu abiaduran jarri beharko du arreta, nekea azkarrago sumatuko baitu belodromoan.
Abuztuan aurrera eta atzera ibili da aretxabaletarra entrenamenduak prestatzen. Anoetako belodromoko baldintzetara egokitzeko ere, astero lan saioren bat egiten du Markel Uriartek Donostian.
Gainera, bizikleta ere ezberdina erabiliko du oraingo erronkan. Ahalik eta arinena eta zurrunena izan beharko du bizikletak, abiadura altuan ahalik eta denbora gehien irauteko.