Atzo, abuztuak 17, bukatu ziren Andramaixak Aretxabaletan, koadrilen egunarekin. Ohiko herri bazkarian, paella ederra jateko aukera izan zuten aretxabaletarrak beste urte batez. Herriko plaza giro onez bete zen, eta herritarrek gustura dastatu zuten paella.
Bazkariaren ostean koadrilen arteko jolasak egin zituzten. 8 joko egin zituzten guztira eta 16 urtetik gorako zazpi koadrila batu ziren. Irabazleek 300 euro irabazi zituzten. 16 urtetik beherakoei dagokionez, ostera 5. koadrilek parte hartu zuten eta 100 euroko saria izan zuen garaileak.
Arratsaldeko 18:00etan, sokamuturraren txanda izan zen. Aretxabaletako Durana kalea zezen plaza bilakatu zen eta jende ugari bildu zen sokamuturra ikustera, baita beldurrak alde batera utzi eta zezenaren aurrean jartzera ere.
Gainera, aurten, sokamuturrarekin euren desadostasuna ezagutzera emateko, Aretxabaletako gazte talde batek bultzatuta protesta egin zuten herriko plazan, Durana kalean bigantxak aurrera eta atzera zebiltzan bitartean. Hain zuzen ere sokamuturrarik gabeko jaiak aldarrikatu zituzten:
Sokamuturraren ostean Rockalean taldearen kale-emanaldia izan zuten aretxabaletarrek. Rock doinuekin Durana kalea girotu zuen taldeak, eta gauean, Losdelgas taldearen kontzertuarekin bukatu ziren 2016ko Andramaixak.