Leintz Bailarako Itzuliaren 78. edizioa dela-eta, antolakuntzako kide Manolo Zubillaga aretxabaletarrak haren garrantzia ekarri du gogora. "Oso lasterketa inportantea da. Ez da nik esateagatik, baina Espainiako Itzulia baino zaharragoa da gurea eta, beraz, garrantzitsuagoa", dio umoretsu.
Urte asko dira eta, logikoa denez, gorabeherak ere izan ditu proba bereziak. Duela ez asko ez antolatzeko arriskuan ere egon zen: "Akordatzen naiz duela urte batzuk esan nuela lasterketa antolatzeaz nekatuta nengoela... Sekulakoa muntatu zen. Behin utzita zaila izaten da gero lasterketa bat berreskuratzea eta, azken orduan izan bazen ere, lortu genuen antolatzea".
Afizionatu mailako txirrindulari onenak elkartuko dira aurten ere, 100 ziklista baino gehiago. Ibilbidea Leintz Bailaran zehar egingo du probak, Gatzagako mendatea barne, besteak beste. Antolakuntzako kide Manolo Zubillagak ez daki faborito nor izango den esaten baina ziur lehia bizia izango dela Duranan lehen postuan helmugaratzeko.
Pablo Berasaluzeri omenaldia
Bestalde, aurten ere ez da goi mailako pilotarik faltako Aretxabaletako jaietan. Proba ziklistaren egun berean, abuztuaren 16an, pilota jaialdia egingo da Iturrigorri pilotalekuan, gaueko hamarretan hasita. Sarrera hamar euro ordaindu beharko da, bi partidu interesgarri ikustearen truke. Lehen lehia Lau t’erdi barruan izango da, Tainta eta Arteaga II.aren artean.
Ondoren, jaialdiko binakako partidu nagusia etorriko da. Berasaluze IIa eta Larunbe, Victor eta Aretxabaletaren aurka. Osagai berezi bat izango du, gainera, pilota jaialdiak. Izan ere, Pablo Berasaluzeri omenaldia egingo zaio, aurtengo utziko du-eta pilota profesionala.