Aretxabaletako jaiak 2016

Haurren eguna eta talde baten pregoia, lehen aldiz, Aretxabaletako Andramari jaietan

Eneko Azurmendi 2016ko uzt. 26a, 15:57

Bi berrikuntza nagusi izango dituzte aurtengo Andramari jaiek. Alde batetik, haurren eguna egongo da eta bestetik, jaiei hasiera ofiziala emateko pregoia elkarte batek irakurriko du, Atzegi adimen urritasunen bat daukaten pertsonak batzen dituen gipuzkoako elkarteak, hain zuzen.

Uztailaren 16an, martitzena, haurren eguna izango da eta bereziki hauei zuzendutako ekintzak egongo dira. "Egun horretan protagonismoa haurrek eta gaztetxoek izango dute. Pregoia ere alkate txikiak eta alkateorde txikiak irakurriko dute", adierazi du Joxe Miguel Uribarren kultura zinegotziak.

Horrez gain, eskuko programan jartzen ez duen arren, andramari egunean meza eta alkate soinua ere egongo direla gaineratu du Uribarrenek.

Kontzertuei dagokienez, Djai Andonik Mugitzen Nau herriko DJ-a, Gatillazo, Arkada Social eta Losdelgas taldeak dira esanguratsuenak. Bestalde, Bad Sound System eta The Potes taldeak ere izango dira txosnagunean.

Bestalde, mus txapelketa, apar festa, pilota partidak, pailazoak, tailerrak, buruhandi eta erraldoiak, sokamuturra, egurrezko jokuak eta beste hainbat ekintza izango dira.

Joxe Miguel Uribarren Kultura zinegotziak eskerrak eman nahi izan dizkie jaiak antolatzen ibili diren guztiei, Kurtzebarri eta Arizmendiko irakasleei, guraso elkarteari, musika eskolari, abesbatzari, txistulariei eta gainontzekoei. Gazte ekimena ere gogoan izan dute. "Duela hilabete inguru, beraiekin bilera bat eduki genuen, adostasun batera iritsiz. Adostasun horren barruan, euren programa dago eginda", azaldu du zinegotziak.

Jaietako zapiak eta kamisetak salgai daude dagoeneko, Arkupe kultur etxean. Zapiak 3 eurotan eta kamisetak, 5 eurotan.

Eraso sexisten aurka

Bukatzeko, kultura zinegotziak nabarmendu nahi izan du eraso sexistarik gabeko jaiak izatea espero duela. "Emakumeak errespetuz tratatzea espero dugu. Ez dadila ezer gertatu, baina gertatuta ere, udaletxea behar denerako laguntzeko prest egongo da", azaldu du. Eskuko programako kontrazala ere gai horri zuzenduta dago, Jaixetan be, eraso sexistarik ez! lemapean. 

Abuztuan zehar

Azkenik, jaietatik aparte, beste ekintza batzuk ere egongo dira abuztuan zehar, zinema programazioaz gain. "Abuztuaren 4ean, eguena, Kulki taldearen eskutik, haurrendako jokuak izango ditugu. Abuztuaren 25ean, berriz, Patata Tropikala antzerki taldearen eskutik, Ezer ez da dirudiena antzezlana izango da, 19:00etan", azaldu du Inma Miguel kultura teknikariak.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak