Aretxabaletan erroldatutako 18 urtetik gorakoek eman dezakete botoa, guztira 5.693 lagunek. Hala ere, horietako hainbat, asko erretiratuak, dagoeneko pasatu dira udaletxetik aurrez botoa ematera, 895 hain zuzen ere.
Galdera bakarra
Galdera bakarrari erantzungo diote herritarrek; honako honi: Aretxabaletako udalerrian, zein uste duzu dela hondakinak selektiboki biltzeko sistemarik egokiena? Proposatutako sistemak bi dira eta bakoitzeko boto-orri bana izango dute aukeratu eta kartazalean sartzeko; bata atez atekoarentzat (gaur egungo bilketa sistema) eta bestea, bosgarren edukiontziarentzat (edukiontzien bidez gaikako bilketa, organikoarenak eta errefusarenak txipa izanik).
%80tik gora jasotzea
Udalean ordezkaritza duten alderdi guztien artean adostu dituzte galdeketaren nondik norakoak, ondorioz, ez da sortu galdeketa egin duten beste herrietan, Bergaran eta Eskoriatzan, izandako zalapartarik.
Etxerik etxe banatutako argibide-orri bidez jaso dute informazioa herritarrek, eta helburua zein den zehaztu diete Udal ordezkariek, edozein sistema izanda ere irabazlea: selektiboki %80tik gora biltzea. Hori bai, gutxienez %70 sailkatu beharko da; emaitza horiek lortu ezean neurriak hartuko direla bilketa hobetzeko jakinarazi dute.
Era berean, Udalak botoa ematera gonbidatu ditu aretxabaletarrak, eta zera esan du: "Guztion artean erabakitako sistema da udalerri osoan ezarriko duguna".